Bihartik aurrera eskuragarri egongo dira 'Getariako naufragioak XX. mendea' liburuaren aurkezpenerako gonbidapenak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 6a, 10:31

Oxford aretoan ikusgai dagoen 'Etendako itsas-bidaiak' erakusketaren barruan antolatu dute liburuaren aurkezpena. Denera 39 naufragio daude jasota bertan, eta tartean badira Zumaiako uretan gertatutako ezbeharrak ere.

XX. mendean Getarian nahiz getariarrei gertatutako naufragioen istorioak jasotzen dituen Getariako naufragioak XX. mendea / Naufragios de Getaria siglo XX liburua aurkeztuko dute hilaren 13an, datorren asteartean. Edukiera kontuengatik, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea ekitaldira bertaratzeko, eta bihartik aurrera egongo da horretarako aukera. Hiru modu egongo dira ekitaldirako gonbidapena eskuratzeko: Alondegira bertaratuta (09:30etik 14:00etara),  943-86 10 56 telefono zenbakira deituta edo kulturetxea@zumaia.eus helbidera mezua idatzita. Aurkezpena Oxford aretoan izango da, 18:00etatik aurrera.

Denera 39 naufragioren istorioak jasotzen ditu liburuak, eta horietako zenbaiten protagonistak gertuagotik ezagutzeko aukera izan zuen Urola Kostako Hitza eskualdeko hedabideak otsailean, liburua Getarian aurkeztu zutenean. Hemen dago irakurgai zein ikusgai Juan Eizagirreren eta Kontxi eta Miren Etxegoien ahizpen bizipenekin osatutako erreportajea. Ana Maria Benito Aranzadiko historialari eta arkeologoa eta Javier Mazpule urpekari eta Arkeolurreko kidea dira liburuaren egileak, eta beraiek egingo dituzte aurkezpen lanak datorren asteartean, gazteleraz.

Erakusketaren barruan

Liburuaren aurkezpena Etendako itsas-bidaiak erakusketaren bueltan antolatu du udaleko Kultura departamenduak, izan ere, Oxford aretoan ikusgai dagoen erakusketak Bizkaiko golkoan gertatutako naufragioak ditu ardatz. Ikusgai egongo da itsasoari estu-estu lotutako erakusketa apirilaren 18ra arte.

 

 

Erlazionatuak