Azken egunotako euri faltak eragin al die baserritarrei?

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 6a, 09:55
Ganaduzaleei eragiten die euri faltak, Aitor Eizmendi sagardo ekoizleak azaldu duenez.

Kalekoentzat egun eguzkitsua izan ohi da beti eguraldi onena. Baserritik eta lurretik bizi direnek, berriz, eskertzen dute euria egitea ere. Gaur lurra busti du aspaldiko partez, eta kalekumeak izaki, Irure Txiki baserriko Aitor Eizmendirengana jo dugu erantzun bila.

Egun dezentetan ibili gara aurrera eta atzera aterkirik gabe gure Gipuzkoa euritsu honetan, eta kaletarrak gustura ziren arren, urte osoan hartuko bailituzkete egun eguzkitsuak, baserritarrek eskertzen dute euria egitea ere, lurra lantzen dutenez.

Gaur aterkiak atera ditugu, eta kalekumearen kuriositatearekin galdetu diogu baserritar bati, Irure Txiki baserriko Aitor Eizmendiri (Ibañarrieta, Zestoa), ea euri falta sumatu duten.

Eizmendik ederki azaldu du zer den garrantzitsua lantzen den produktuaren arabera. Sagardo ekologikoa ekoizten du berak, eta oraingo ur faltak ez dio eragin. "Guretzat txarra udako lehortea izaten da, ekainekoa eta uztailekoa, sagarrak orduan behar duelako ura, orduan ari delako hazten". Dena den, Eizmendik "inoiz ez" du ureztatzen sagarrondorik. "Hemen ez da beharrezkoa. Ureztatuta, 20.000 kilo gehiago jasoko genituzke, bai, baina kalitatean galduko luke, ur gehiago eta nutriente gutxiago edukiko lukeelako. Sagardo txepelagoa lortuko genuke, azken batean".

Egun hauetako euri faltak bere baratzeari ere ez dio eragin. "Etxerako eta ingurukoentzako landatzen ditut tomatea, artoa, aza, babarruna, tipula, piperrak... Eta baratzea ere ez dut ureztatzen", azaldu du.

Eizmendik uste du ingurugiroarentzat izan daitekeela kalte euri falta, baina ez berentzat. Hala ere, badago salbuespena: "Larreak dituztenentzat da arazoa euririk ez egitea, belarra gutxitzen delako. Larreak eskatzen du ura, eta beraz, behiak edo ardiak dituztenei, gazta egiten dutenei... eragiten die".

Urtegia behintzat beteta

Eizmendiri esker, badakigu hurrengoan ganaduzaleekin jarri behar dugula harremanetan. Baina bitartean, bada beste datu lasaigarri bat ere: inguruko urtegiak, behintzat, bete-bete daude oraingoz.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren webgunean dauden datuen arabera, Ibai Eder urtegia, Azpeitiko Nuarben dagoena, %97,62an dago beteta. Antzeko mailetan daude beste bost urtegi ere, eta maila baxuena duena, Lareo, %76,82an dago. Dena den, urtegi hori antzeko mailetan ibili da aurreko urteetan ere.