Lan bikaina egin dute Telmo Deun arraun elkarteko ontziek gaur Zumaian jokatutako batel jardunaldian

Juan Luis Romatet 2021ko api. 4a, 17:56

Gipuzkoako Batel Ligako bosgarren jardunaldia jokatu da gaur goizean Zumaian, Telmo Deun arraun elkarteak antolatuta. Herriko ontziek lan bikaina egin dute zaletuen aurrean. 

Gipuzkoako klubetako ontzien kolore biziek hartu dute gaur Urolaren itsasadarra, Gipuzkoako Batel Ligako bosgarren jardunaldian. Infantil mailatik hasi eta seniorrera bitarteko estropadak jokatu dira Arranpla eta parol muturraren artean egokitutako estropada eremuan. 

Herriko ontziek lan bikaina egin dute oro har bosgarren jardunaldi honetan. Hala, infantil neskatan, B ontzia izan da lehena, A ontzia bigarren, eta C ontzia hirugarren. Infantil mutiletan, berriz, A ontzia seigarren izan da eta B ontzia zortzigarren. 

Neskatan, promesa mailan, A ontzia bosgarren izan da, eta B ontzia, mistoa, zortzigarren. Denborei dagokionez, hirugarren denbora onena egin du bigarren ontzi honek. Kadetetan laugarren izan da Zumaiako ontzia.

Jubeniletan, mutiletan, Zumaiako batela estropada irabazteko zorian egon da, eta bigarren egin du estropada irabazi duen Orio Arekiko segundo eta erdira. Nesketan, berriz, seigarren egin dute zumaiarrek.