Soraya Lopez: “Gaueko argazki bat ateratzen duzunean berezia da naturarekin duzun harremana"

Juan Luis Romatet 2021ko api. 4a, 08:00

Distira argazki elkarteko presidente berria da Soraya Lopez (Donostia, 1973). Nahikoa arrazoi bada hori elkarrizketa bat egiteko. Baina, egun horietan bertan, Ávilan antolatutako gaueko argazkien lehiaketa ere irabazi zuen Lopezek.

Zumaian bizi da, baina jaiotzez donostiarra da Soraya Lopez. “Donostian jaio nintzen. Nire gurasoak etorkinak ziren, eta nik zazpi urte nituen arte bizi izan ginen hemen. Gero, krisialdia etorri zen, nire aita lanik gabe geratu zen, eta istripu bat ere izan zuen. Ávilan (Gaztela eta Leon, Espainia) lana atera zitzaion, eta bertara itzuli ginen. Hona bueltatzeko gogoa nuen nik, eta behin karrera amaitu nuenean itzuli nintzen Euskal Herrira. Informatikaria naiz, eta etorri eta berehala aurkitu nuen lana”.

Informatikaria zara, baina argazkigintza duzu pasioa.

Beti gustatu izan zait argazkigintza. Berez, karrera amaierako proiektua argazki digitalen gaineko hezkuntza-software bat izan zen. Ordurako gustatzen zitzaidan argazkigintza. Photoshopa, montajeak, halakoak ere gustukoak izan ditut, eta lan egiten nuen enpresak lehiaketa bat antolatu zuen sagu-azpikoak egiteko. Diseinu berezia izan behar zuten, eta lehiaketa irabazi nuen. Diru horrekin erosi nituen nire lehen kamera digitala, Sony bat. Argazkigintza digitalaren hastapenetan izan zen. Hor hasi nintzen: gogoak nituen eta erreminta ere bai.

Gaueko Argazki Lehiaketa irabazi berri duzu Ávilan.

El Barco de Ávilan sortu den elkarte batek antolatutako lehiaketa da. Denetariko lagunek osatzen dute elkarte hau, eta horien artean astronomian aritzen direnak ere badaude; teleskopioen bidez-eta ateratzen dituzte argazkiak. Inguru hori guztia, El Barco de Ávila, Gredos, starlight guneak dira. Izendapen hori ematen badizute, argiteria zaindu behar duzu eraikinetan eta monumentuetan, hainbesteko argi-kutsadura ez egoteko. Behatokiak ere badaude espazioari begira egoteko. Ikusita zer zeru dituzten, eta beraiek ere argazkiak ateratzen dituztela, gaueko argazkien lehiaketa hau antolatzea erabaki zuten. Orain Aste Santuan erakusketa bat egin dute, eta esan didate abuztuan errepikatuko dutela, jendeak ezin du eta gaur-gaurkoz hara joan.

Inguru horretako gaueko argazki pila bat ditut. Baina, orain pare bat urte meten argazkiak ateratzen hasi nintzen. Iaz giza elementuren bat sartzea pentsatu nuen, eta aita konbentzitu nuen. Uztaila zen, eta gau batean biok joan ginen; gaueko 11k edo izango ziren. Txapela jantzi zuen, hiruhortzekoa hartu eta han joan ginen.

Argazkian aita agertzen dela eta ilusio handiagoa egingo zizun sariak.

Hori da. Argazki hori finalista izan zen Tolosan. Han bildumen lehiaketa bat egin zuten, ez argazki bakarrarena. Hiru argazki bidali nituen: meta bakarrik, aita hiruhortzekoarekin, eta aita hiruhortzekoa altxatuta. Bilduma hori finalista izan zen Tolosan. 

Argazki honekin irabazi du Soraya Lopezek Ávilako gaueko argazkien lehiaketa.
 

Argazki horiek ateratzeko teknologia bereziren bat behar al da? Kamera normal batekin atera al daiteke?

Harritu ninduen zerbait da. Gaueko argazki horiek ikusten nituenean pentsatzen nuen sekulako kamera bat beharko zela. Argazkilari batekin hizketan, argazki mota horiek ateratzeko zer ekipamendu erabiltzen zuen erakutsi zidan behin: nirea bezalako kamera bat, eta tripodea. Berez, edozein kamerarekin atera dezakezu. Gero, kontua da zenbateko ‘soinua’ izan dezakeen. Soinuak asko hobetzen du argazki mota hau. Baina ez da gehiagorik behar. Distirako kideen gaueko argazki batzuk ikusi ditut, mugikorrarekin ateratakoak, eta Esne Bidea ateratzen da. Argi-kutsadurarik ez baduzu, edozein kamerarekin aterako zaizu.

Horretarako Avila bezalako lekuak ezin hobeak izango dira...

Zoragarria da. Baina iaz Aizarnara joan ginen, eta ateratako argazkietan han ikusten zen bertako ermita Esne Bidearekin.

Zerk erakartzen zaitu mota horretako argazkietatik?

Zeruak beti erakarri nau; badu zerbait. Egunez, gauez. Esnatzean, egiten dudan lehen gauza zerua begiratzea izaten da. Ezin dizut azaldu zergatik gustatzen zaidan hainbeste. Argazkia bera baino hura ateratzeko unea gustatzen zaidala esango nuke. Gaueko argazki bat ateratzen duzunean berezia da naturarekin duzun harremana. Askotan bakarrik zaude, eta denbora duzu kontzentratzeko, zure gauzetan pentsatzeko.

Sari hori jasotzeak animatuko zaitu argazki mota horrekin jarraitzera.

Bai, bai. Sari honek ilusio berezia egin dit, zeruen inguruan jendea kontzientziatzea nahi dudalako. Zer zoragarria den gauez ibiltzea, zerura begiratu eta Esne Bidea ikustea hor goian. Beti esan ohi dut argirik gabeko egun bat egon beharko lukeela. Nahiko nuke noizbait argi guztiak itzaliko balituzte, hemen, Zumaian, Esne Bidea ikusi ahal izateko. Gero eta leku gutxiago daude halako argazkiak atera ahal izateko. Ávilakoa bezalako lehiaketa bat antolatzea oso ideia ona iruditu zitzaidan, zeruen inguruko kontzientzia pizteko balio duelako.

Gaiaz aldatuta, Distira elkarteko presidente berria zara.

Orain pare bat urte idazkaria izan nintzen. Azken aldian jende gazte asko sartu da, eta pixka bat galduta ikusten nituen. Urte arraroa ere izan da COVIDagatik. Jende bati beldurra ere ematen dio batzorde bateko kide izatea, eta elkarteko kide batzuk nahiko erreta bukatu dute iaz abian jarritako lehiaketarekin. Nik barrutik ezagutzen dut, ideia batzuk ere baditut, eta baita gogoak ere. Gero, gauza asko ari gara egiten elkartean.

Bazkideen arteko argazki lehiaketa da horietako bat. 

Apirila eta maiatza geratzen zaigu, eta sari banaketa maiatzean egiteko asmoa dugu, Forondan. Elkartea nolabait promozionatzeko, sari banaketa elkartearen lokalean egin nahiko nuke. Orain 2022ko egutegi bat prestatzen ari gara. Herriko saltoki batzuekin hitz egin dugu, eta ekainean edo uztailean egongo da salgai. Mahai egutegi bat izango da, eta turismora begira jarriko da salgai, bisitariek Zumaiako zerbait eraman dezaten.

Udalak proposatuta, HAPOri buruzko proiektu batean ere lanean gabiltza. HAPOren erakusketa publikoa egingo da, eta han argazki batzuk jarriko ditugu gaiak hobeto ulertzeko. Ondarea dela, inklusibitatea dela... Askotan hobeto ulertzen dira gauzak argazkien bidez. Argazki batzuek jokabide batzuk salatzeko balioko dute, baina baita ondo daude gauzak azpimarratzeko ere.