Bizitzari argi pixka bat emanaz musikaren bidez

Juan Luis Romatet 2021ko api. 3a, 15:30
Ezkerretik eskuinera, Malen Emezabal, Intza Martin eta Nagore Sanchez.

Bizitzari musika pixka bat jarri nahian, Intza Martin, Malen Emezabal eta Nagore Sanchez gazte zumaiarrek kontzertua eskainiko dute datorren ostegunean, hilaren 8an, Komentuan. Jarritako gonbidapenak egun gutxiren bueltan agortu dituzte. 

Lirikarako garai txarrak zirela abesten zuen Golpes Bajos taldeak orain lau hamarkada. Ia 40 urte geroago, birus batek hankaz gora jarri du gizartea, eta garai goibel honi alaitasun pixka bat jarri nahi diote musikaren bidez herriko hiru gaztek. Hala, Musika pixkat bizitzai izeneko kontzertua eskainiko dute Intza Martin, Malen Emezabal eta Nagore Sanchez zumaiarrek datorren ostegunean, Komentuan. 

Gazteak izanda ere, musika munduan badute jada ibilbide luzea. Txeloa ikasi du txikitatik Malen Emezabalek eta abesbatza batean ere kantatzen du; tronpeta eta pianoa ikasi du Intza Martinek eta saxofoia Nagore Sanchezek. Baina, horiez gain, beste instrumentu gehiago ere ikasi dituzte beren kasa: pianoa, gitarra, ukelelea, bateria. Abestu ere egiten dute hirurek. Hori hala izanda, musika barreneraino sartuta dutela ikusita ere, ez da harritzekoa kontzertu bat emateko gogoa izatea.

"Gure kasa jotzeko eta kantatzeko geratzen gara, eta egun batean esan genuen jendeari erakutsi nahi geniola jotzen genuena", dio Emezabalek. "Betidanik gustatu izan zaigu musika egiteko hirurok elkartzea; hiruroi asko gustatzen zaigu musika egitea. Azkenean, pentsatu genuen ideia ona zela kontzertu bat ematea", gaineratu du Martinek. "Ideia zoro bat bezala izan da. Kontzertua emate hori broma moduan hasi zen, eta gero eta gehiago elkartu, azkenean egitea erabaki genuen", azaldu du Sanchezek. 

Pandemiak eragindako garai ilun hauetan musikak airea, arnasa hartzeko aukera eman diela nabarmendu dute. "Berez, dugun adinarekin, eta garai honetan, farrak egiten egon beharko genuke, baina hori kendu egin digu. Orain pandemia aurretik baino askoz gehiago geratzen gara", du gogoan Martinek. "Azken finean musikak irtenbide bat ere eman digu, planak egiteko, eta dugun hutsune hori betetzeko", azpimarratu du Emezabalek.

Bertsioez osatutako kontzertua izango dela diote hiru lagunek. "Nagore eta biok, bereziki, hasi ginen Instagramera abestien bertsioak igotzen, eta kontzertua ildo horretatik joango da. Kontzertu informala izango da", dio Emezabalek. "Bai, lasaia izango da; ez dugu emanaldi serioa izaterik nahi", berretsi du Sanchezek. 

'Musika pixkat bizitzai' kontzertua. Apirilaren 8an, 18:30ean, Komentuan. Jarritako gonbidapenak dagoeneko agortu dira.