Artearentzako espazio berria Zumaiako alde zaharrean

Juan Luis Romatet 2021ko api. 2a, 15:12

Garbiñe Arrieta eta Iñaki Oreja zumaiarrek Sanjuaniturrian lanerako duten espazioa herritarrei zein bisitariei zabaldu die Aste Santu honetan. Astelehenera arte ateak irekita izango ditu IG Art Studio izeneko estudio-galeria honek; egun horretatik aurrera hitzordua eskatutako bisitatu ahal izango da. 

Foronda kultur etxeko pintura tailerreko ikasleak izan dira biak ere. Garbiñe Arrieta orain dela bost bat urte hasi zen tailer honetara joaten; Iñaki Oreja, berriz, orain hiru urte inguru. Osasun krisialdearen ondorioz tailerreko ordutegiak aldatu zituzten. Forondara joaterik ezin zutela ikusita, sorazutarrek Sanjuaniturrian duten lokala alokatu zuten, beraien zaletasunarekin, pasioarekin jarraitzeko. Lagunek-eta hala animatuta, arte estudio bihurtutako lokalaren ateak zabaldu dituzte egun hauetan. 

Iñaki Oreja.

Biak ala biak ere alde zaharrean jaiotakoak dira, eta ilusioarekin ireki dizkiete IG Art Studio izenarekin bataiatu duten estudioko ateak herritarrei zein bisitariei. Orejak arte abstrakto inpresionista jorratzen du; Arrietak gogokoago du arte figuratiboa. Orejak kolorez betetako koadroak erakusten ditu; Arrietak erretratoei tarte berezia eskaini die. Sarreran ikus daitezke Orejaren lanak; Arrietarenek sotoan egokitutako espazioa hartu dute. Beraien lanak erakusteaz gain, goibel samar dagoen alde zaharrari argi eta kolore pixkat eman nahi diote ekimen artistiko honen bitartez. 

Garbiñe Arrieta.

Printzipioz, astelehenera arte, apirilaren 5era arte, izango ditu ateak zabalik lokal honek. Goizez eta arratsaldez egingo diete arreta margo hauek ikusi nahi dituzten guztiei. Astelehenetik aurrera hitzordua eskatuta bisitatu ahal izango dute interesdunek. Horretarako, 688 666 917 (Iñaki Oreja) edo 657 730 275 (Garbiñe Arrieta) telefono zenbakietara deitu daiteke. "Lanerako gure espazioa da eta hemen izango gara lanean". 

Atzo bertan zabaldu zituzten estudioko ateak herritarrei, eta denbora honetan ideiak borborka dituzte. Arteari txoko berri bat zabaldu eta alde zaharra biziberritzen laguntzeko asmoa dute, eta zentzu horretan beste artistei ere gonbitea egin nahi diete beraien lanak lokal honetan erakusteko. Interesdunek aurrez aipatutako telefono zenbakietara dei egin dezakete.