Herria, beteta

Juan Luis Romatet 2021ko api. 1a, 20:39
Bisitarak Moilaberriko zubia zeharkatzen, eguerdi partean.

Aurreko bi asteburuetan Zumaian ikusitakoarekin aurreikusi zitekeen Aste Santuan ere herria beteta egongo zela. Eta aurreikuspenak bete dira opor garai honetako lehen egunean.

Goizeko lehen orduetatik hasi dira bisitariak Zumaiara gerturatzen: garraio publikoan batzuk; autoetan asko. Batzuk, motxilak soinean zituztela, ibilbideren bat egiteko asmoarekin etorri dira. Beste asko egunpasa bertaratu dira. Normalean bisitaririk izaten ez dituzten auzuneek gaurkoan izan dute kanpotik etorritakoen bisita. Gaur, gainera, TAO sistema indarrean jarri da herrian, eta horrek ere zalantza bat edo beste eragin ditu.

Tabernak, jatetxeak, terrazak, hondartzak, labarrak, kantinak, izozki dendak jendez gainezka izan dira egunean zehar. Arratsalde partean, 18:00etatik aurrera, pelegrinazioak kontrako bidea hartu du: bisitariak herrigunea utzi eta autoak aparkatuta utzi dituzten lekuetarako joaten hasi dira.