"Garaipena Euskal Herrian geratuko da, eta gauza polita da hori"

Juan Luis Romatet 2021ko api. 1a, 08:46

Athleticek eta Realak, Realak eta Athleticek, Errege Kopako finala jokatuko dute larunbatean, Sevillan. Realeko eta Athleticeko peñetako kide bana elkartu ditugu partidaren inguruan hitz egiteko. Ez dituzte kolore berak defendatuko, baina adiskidetasuna da bien artean nagusi.

Iazko Errege Kopako finala jokatuko dute larunbat gauean Athleticek eta Realak Sevillako La Cartuja estadioan –Athleticek Bartzelona izango du aurkari aurtengo Kopako finalean, aste batzuk barru–. Partida hau orain urtebete jokatu behar zen, baina osasun egoerak baldintzatuta, atzeratu behar izan zuten. Ikuslerik gabe jokatuko dute partida; ez da izango euskal futbolzalerik Sevillako kaleetan, baina, taldeek jasoko dute zaletuen bultzada, distantziatik bada ere. "Estadioa hutsik egongo da, baina aldi berean bete-beterik", dio Xabier Dominguezek.

Dominguez Realaren aldeko Algorri peñako kidea da; Ibon Amilibia, berriz, Zumaiako Athleticen peñakoa. Amilibiak dioen bezala, "gogo galanta" dute partida hau ikusteko, "zain-zain gaude, eta behin bukatuta ea nork irabazten duen". Partida urtebete atzeratu behar izanak eraginik izango ez duela uste du Dominguez. "Denbora honetan ez da ezer galdu. Partida hurreratu ahala giroa berotzen joango da. Ea herriko balkoiak eta pixka bat animatzen diren". "Behin bi euskal talde helduko finalera, eta pena publikorik ez izatea. Eta galdetzen dut: mugikortasun arazoak badaude, publikorik ezin badu gerturatu estadiora, zergatik ez da finala Euskal Herrian jokatu?", gaineratu du Amilibiak. 

Bakoitzak bere taldeak irabaztea nahi du, logikoa den bezala, baina biek ala biek badute desio komun bat: partida ikusgarria izatea, gol askokoa. "Nik ezohiko finala izatea nahiko nuke; ez egotea beldurrik. Final bizia izatea nahiko nuke, irekia, golak egotea. Eta gehiegi eskatzea ez bada, bukatzen den moduan bukatzen dela ere, bi taldeek estadioari buelta bat ematea, ikurrinarekin", dio Xabier Dominguezek. "Nik hori eskertuko nuke. Azken finean garaipena Euskal Herrian geratzen da, gauza polita da hori", azpimarratu du Ibon Amilibiak. "Athleticek irabaziko du, edo Realak irabaziko du. Bietako batek irabazi behar du. Baina nik oilo-ipurdiarekin geratu nahiko nuke", nabarmendu du Dominguezek. "Bai, zerbait handia egin izan dugunaren sentsazio hori izatea", gehitu du Amilibiak.