Beste hiru positibo detektatu ditu Osakidetzak Zumaian

IƱigo Gaiton 2021ko mar. 31a, 13:47

Ia bikoiztu egin da kasu positiboen kopurua, herenegun egindako testekin alderatuz gero; orduan 11 kasu atzeman zituzten, eta atzo egindakoetan 20 izan dira. Horietatik hiru Zumaian detektatu dituzte. 

Eusko Jaurlaritzak duela gutxi eman ditu argitara izurritearen gaineko datu eguneratuak, eta horien arabera, 20 positibo izan dira eskualdean. Herenegun egin zituzten frogetan 11 detektatu zituztela kontutan izanik, azken orduetako zenbakiak okerragoak izan dira. Azkoitia izan da Urola Kostan positibo gehien izan duen herria, bost kasurekin. 166,9ko intzidentzia tasa dute gaur gaurkoz, eta eremu horian daude.

Azpeitian —144,55—, Zarautzen —248,43— eta Zumaian —162,82— hiruna kasu izan dira, eta hiru udalerriak eremu horian daude kokatuta.

Aian —604,53—, Getarian —106,01— eta Orion —81,54—, aldiz, bina positibo zenbatu dituzte. Aiako kasuan, azken zazpi egunetan hamaika positibo izan dira, eta intzidentzia tasak gora egiten jarraitu du herrian. Zazpi egun horietatik bitan ez dute positiborik izan.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da positiborik izan.

792 positibo Hego Euskal Herrian

Azken orduetan 792 koronabirus kasu detektatu dira Hego Euskal Herrian. Herenegun egindako frogetan 683 izan zirela kontutan hartuta, zifren gorakada nabarmena izan da. Positibo horietatik 118 Araban detektatu dituzte, 297 Bizkaian, 210 Gipuzkoan eta 161 Nafarroan. Beste lurraldeetan bizi diren 6 herritarrek ere eman dute positibo.

Hala, intzidentzia tasa %7,7 da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta RO Indizea 1,14ra igo da. Azken orduetan koronabirusak jotako 39 pertsona ospitaleratu dituzte hiru lurraldeetako erietxeetan, eta denera 273 lagun daude ingresatuta; horietatik 84, ZIUetan.