Zumaiatik Groenlandiara, Pasaian geldialdia eginda

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 30a, 20:44

Zumaiako Astilleros Balenciagan egindako azken ontziak, Tarajoq izenekoak, gaur arratsaldean utzi du Zumaia, Pasaiara bidean. Bertan egingo dituzte azken lanak, Groenlandiako armadoreei eman aurretik. 

Iragarritakoa baino ordu laurden beranduago soltatu dituzte ontzia Sarauneko moilara lotzen zituzten amarrak. Facal Once atoiontziaren laguntzarekin hartu du ontziak bokaleko bidea. Eguraldia lagun, jendetza bildu da moilan, arranplan zein Julio Beobide ibiltokian, ontziak Urola ibaiaren itsasoratzean egin behar zuen paseoa ikusteko.

61 metroko luzera duen ontzia, Groenlandiako Natur Institutuarentzako egin du Balenciagak. Bere tamainarekin eta ekipamenduarekin, ikerketa mota eta ingurumen zeregin asko egiteko gai izango da; prestakuntza egonaldietarako, itsas hezkuntzarako kasu, lekua ere izango. 

Itsaso zakarra zegoenez, barrako hesia itxi egin dute. Han eman behar izan diote zumaiarrek agurra Pasaiako portuko bidea hartu duen Tarajoq ontziari.