Ez da positiborik izan Zumaian azken orduetan

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 30a, 13:11

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste 11 positibo izan ziren atzo eskualdean. Zumaian ez zuten atzo kasurik atzeman.

Bederatzi kasu detektatu ditu Osasun sailak Zumaian azken zazpi egunetan, baina bat ere ez azken bietan, herenegun eta atzo. Horren ondorioz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 11 puntuan jaitsi da, 183,17tik 172,99ra.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo beste 11 kasu detektatu zituen Urola Kostan. Aian eta Zarautzen izan dituzte kasu gehien: hiruna positibo izan ziren atzo bi herri hauetan. Aiako kasuan, hamar positibo izan dituzte zazpi eguneko epean, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 503,78ra igo da. Zarautzen ere gora egin du intzidentzia tasak; bederatzi puntuan igo da, 235,58tik 244,14ra. 25 kasu izan dituzte Zarautzen azken zazpi egunetan.

Azkoitian, Azpeitian eta Getarian izan dituzte beste kasuak: bina Azpeitian eta Azkoitian, eta bat Getarian. Eskualdeko beste sei herrietan ez dute positiborik izan azken orduetan.

Hego Euskal Herrian gorantz egin du positiboen kopuruak. 683 positibo zenbatu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek. Araban 97 positibo izan ziren atzo, 222 Bizkaian, 172 Gipuzkoan eta 182 Nafarroan. Beste lurraldetako hamar lagunek ere positibo eman zuten atzo egindako probetan. Lau lurraldetako positibotasun tasa %5,92koa izan zen atzo.

Beste 66 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. 288 lagun zeuden atzo ospitaleratuta, plantan, eta beste 80 Zaintza Intentsiboko Unitateetan, bezperan baino bost gutxiago.