Zilarrezko bi domina lortu ditu Maddi Iraolak Espainiako eski txapelketan

Espainiako eski txapelketako finalak jokatu dira pasa den asteburuan Le Molinako eski estazioan, Lleidan. Maddi Iraola eskiatzaile zumaiarrak bi domina eskuratu ditu, biak ere zilarrezkoak.

Supererraldoi probako finala jokatu zen ostiralean, eta Espainiako txapeldunorde geratu zen jaitsiera bikaina egin ondoren. Larunbatean, berriz, erraldoiko proba jokatu zuen. Eguraldia ez zuten lagun izan jaitsiera honetan; lainoak hartua zuen gunea,. Horrez gain, laugarren atetik aurrera bastoi bakarrarekin jaitsi zen Iraola. Hala ere, laugarren postu on bat eskuratzeko gai izan zen.

Igandean jokatu zituen beste bi finalak. Eslalomekoa izan zuen lehena. Denboraldi honetan ez da hain ondo ibili modalitate honetan, baina finalean maila ederra erakutsi zuen, eta bigarren txanda bikaina egin ondoren laugarren sailkatu zen. Bi ehunekogatik egin zion ihes bontzezko dominak. Jarraian jokatu zuen proba konbinatuan erdietsi zuen Iraolak asteburuko bigarren zilarrezko domina. 

Emaitzak kontuan hartuta, denboraldi oso ona izan da hau eskiatzaile gaztearentzat. Jokatutako proba apurretan bederatzi aldiz igo da Maddi Iraola podiumera.