Pediatra euskalduna bermatzeko eskatu dute eskualdeko lau udalek, Zumaiakoak barne

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 29a, 14:46

Pediatra euskalduna bermatzea eskatu dute beste behin ere Aizarnazabalgo, Getariako, Zestoako eta Zumaiako udalek. Gai hau jasotzen duen mozioa udal bilkuretara eramango dute datozen egun edo asteotan.

Bi urte beteko dira laster eskualdeko lau herri hauetako haurrek pediatra euskalduna ez dutenetik, nahiz eta lanpostu horrek ezarria duen bigarren hizkuntza eskakizuna, eta euskara jakitea derrigorrezkoa duen 2008ko ekainetik. Orain ia bi urte, 2019ko ekainean, lau herrietako alkateek gutun bat bidali zuten Osakidetzara, egoera konpontzeko eskatuz, herri horietako umeen eta gurasoen hizkuntza eskubideak aintzat hartuta. 

Arazoaz jakitun, UEMAko teknikariek bilera egin zuten urte hartan bertan Donostialdeko arduradunekin. Osakidetzak udalerri euskaldunen mankomunitateari jakinarazi zionez, 2020 maiatzera arte ez zen egongo euskaraz zekien pediatrarik postu horretan. Ia urtebete igaro da ordutik, eta Osakidetzak egoera konpontzen ez duela ikusita, gaia udaletako osoko bilkuretara eramatea erabaki dute lau udalerriek mozio moduan. Dokumentu honetan zehazten den moduan, "herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ari dira, non eta hain inportantea den zerbitzu batean, norekin eta umeekin”.

Mozio horren bidez, udalek eskatzen diote Osakidetzari "lehenbailehen zuzendu dezala herriko pediatra postuaren egoera, eta bermatu ditzala herritarren hizkuntza eskubideak". Bestetik, Osakidetzari zein Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote "zerbitzuak euskaraz emateko gai diren profesionalak hezteko eta kontratatzeko bidea jartzea: egiturazko neurriak har ditzatela mediku euskaldunen faltari aurre egiteko, unibertsitatetik hasita".

Zestoan pasa den astean aztertu zuten mozioa; Getarian biharko bilkuran landuko dute, eta Aizarnazabalen, berriz, etzi egitekoa duten bilkuran. Zumaian, azkenik, apirileko osoko bilkuran aztertuko dute gaia.