Nesken traineruak laugarren egin du Pasaian; mutilenak, hamargarren

Maria Maya Manterola 2021ko mar. 28a, 10:45
Argazkia: Luis Azpeitia.

Telmo Deun Arraun Elkarteko ontziak Pasaian izan ziren atzo, denboraldi-aurrean indarrak neurtzeko jokatutako estropadan.

Udako estropadei begira neurtu ahal izateko, denboraldi-aurreko estropada jokatu zen atzo, eta bertan izan ziren  Telmo Deun Arraun Elkarteko arraunlariak. Pasaian elkartu ziren, eta 17:00etan eman zioten hasiera erlojupeko modalitateko jardunaldiari. Zumaiako nesken trainerua, laugarren sailkatu zen, 12 segundora. Mutilen traineruak, berriz, hamargarren denbora onena egin zuen. 

Bikain aritu ziren, oro har, Urola Kostako arraun elkarteetako arraunlariak: Orioko mutilen traineruek laugarren eta hemeretzigarren denbora onenak egin zituzten; nesken trainerua, aldiz, bigarren sailkatu zen. Emaitza ona lortu zuen Getariak ere, bigarren egin baitzuen mutilen traineruak.

Zarautz Gesalaga Okelaneko nesken traineruak hamaikagarren egin zuen; mutilen traineruek, berriz, hamazazpigarren eta hogeigarren denbora onenak egitea lortu zuten.