400dik gorako tasa duten herriak itxiko dituzte astelehenetik aurrera

Aritz Mutiozabal 2021ko mar. 26a, 19:38
IƱigo Urkullu lehendakariaren agerraldia.

Bihar argitaratuko du Eusko Jaurlaritzak intzidentzia tasen eguneraketa, eta neurri berriak astelehenean jarriko dituzte indarrean. Aurrez apirilaren 1etik 11 bitarterako erreserbaren bat eginda dutenek bidaiatzeko aukera izango dute.

Azken boladan datuek nabarmen okerrera egiten dutela ikusita, Labiren aholku batzordeak presazko bilera egin du gaur Aste Santuari begira hartu beharreko neurrien inguruan, eta atzo zabaldu zen informazioa berretsi du Iñigo Urkullu lehendakariak bilera osteko agerraldian. Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa duten herrietan eta lurraldeetan itxiera perimetrala ezarriko dute; alboko herrietara soilik joan ahal izango da.

Era berean, aipatu herrietako tabernen eta jatetxeen barruan egoteko ordutegiak mugatuko dituzte: 06:30etik 09:30era goizetan, eta 13:00etik 16:30era arratsaldetan. Espazio itxietan egiten diren kirol jarduerak gehienez lauko taldeetan egin ahalko da, talde profesionalen eta federatuen entrenamenduak eta lehiaketak salbu. Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egingo dituzte, igerilekuetakoak izan ezik; horietan, gehieneko edukieraren % 35eko okupazioa duten aldagelak erabili ahal izango dira, baita dutxak ere.

Bestalde, gaur bitartean establezimenduren batean apirilaren 1-11 artean erreserbaren bat eginda dutenek bidaiatzeko aukera izango dute, nahiz eta ez duten mugikortasuna aholkatzen eta are gutxiago intzidentzia tasa altuko tokietara joatea.

Intzidentzia tasen eguneraketa bihar argitaratuko du Eusko Jaurlaritzak, eta neurri hauek astelehenean jarriko dituzte indarrean. Hurrengo eguneratzea apirilaren 6an egingo dute. Eskualdeari begira, une honetan, Aia egongo litzateke mugatik oso gertu: 352,64ko tasa du. Bestalde, Zestoak 282,49ko tasa du, Zarautzek 239,86koa eta Zumaiak 203,52koa; gainerakoak, aldiz, urrun daude oraindik.