Ondare kulturala ardatz, bisita gidatuen eskaintza zabala prestatu du Geoparkeak

Maria Maya Manterola 2021ko mar. 27a, 09:00
Argazkia: Maria Maya Manterola.

Aste Santuan hasi eta urte amaierara arte, hamabost bisita gidatu desberdin egiteko aukera izango da Geoparkea osatzen duten hiru herrietan. Gipuzkoako turismoaren arloko eragileek aurkeztu zuten atzo, ostirala, bisita gidatuen eskaintza, Zumaian.

Aste Santuan emango diote hasiera Geoparkeko bisita gidatuen denboraldiari. Hala iragarri zuten atzo Gernika parkean egin duten agerraldian. Bertan izan ziren Iñaki Ostolaza eta Joseba Palenzuela Zumaia eta Mutrikuko alkateak, Alex Oliden Zumaiako Turismo zinegotzia, Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzailea eta Cristina Iturriagagoitia, Gipuzkoa Turismoa-ko Turismo Bulegoko Zuzendaria.

Palenzuela Geoparkeko presidentea da, Mutrikuko alkate izateaz gain. Geoparkeak balio natural eta geologiko handia duela aipatu zuen hark; hala eta guztiz, ondare kulturalean jarri dute arreta aurtengo eskaintza prestatzerako orduan. Hain justu, Geoparkeko lurraldera gerturatzen direnei hizkuntza eta kulturaren berri emateko baliatuko dituzte bisita gidatuak: Gotikoaren altxorra Deban; Arrietakua Jauregia eta Mutriku marinela, Mutrikun; eta, Euskararen enigma eta Flyscheko olagarroa, Zumaian. Palenzuelak gaineratu zuen mundu mailan erreferentea dela Geoparkea turismoaren arloan, eta kokapen horretan lurraldeko eragileei balioa eman nahi dietela. 

Iturriagagoitiak, bere aldetik, eskerrak eman zizkien turismoaren arloan lanean dihardutenei, "garai zailetan" ere eskaintza indartzeko apustua egitearren. Geoparkeak "nazioartearen errekonozimendua" duela aipatu zuen, eta baita "Euskal Herrian erreferente" dela ere. Neurri batean, bisita gidatuen ondorioz da eredu Geoparkea, Iturriagoitiaren arabera. Bisita gidatuak eskaintzearen atzean dagoen dedikazioa eta apustu ekonomikoa aipatu nahi izan zituen, bestetik. Gainera, Gipuzkoa Turismoa-ren estrategiarekin bat dator Geoparkearen eskaintza, Iturriagagoitiaren hitzetan: "Indarguneak dira natura eta kultura. Natura zoragarria dugu, baina lehia ere bai inguruan. Kulturarekin egin behar dugu apustu berezia, aukera aparta baita". 

"Geologia esanguratsua da Geoparkean, baina ez hori bakarrik. Kultura dentsitate handia dugu, ukiezina da, gure altxorra", esan zuen, bestalde, Barriusok. Urte osorako eskaintza prestatu dutela nabarmendu nahi izan zuen, eta baita 1.200 bisitatik gora egitea aurreikusi dutela ere. Etortzen direnek zerbait ikas dezaten nahi dute, eta, horretarako, gidariari garrantzia eman nahi diote. Nolanahi ere, Barriusok esan zuen uneko neurrietara egokitu beharko direla, eta segurtasuna izango dela lehentasuna. "Iaz harrera ona izan zuten bisitek, eta uste dugu jendeak baduela naturarekin konektatzeko gogoa. Zabalik da jada denboraldia", amaitu zuen. 

Hamabost bisita aukeran

Guztira, hamabost bisita gidatu izango dira aukeran. Geoparkea osatzen duten hiru herrietako Turismo Bulegoetan izango da eskuragarri bisiten inguruko informazioa biltzen duen liburuxka. Geoparkearen webgunean, gainera, erreserbak egiteko aukera ere izango da.