Bultzada emateko momentua

AEK-ko kide Amaia Zaldua eta Araitz Muguruza. (Aritz Mutiozabal)

AEK-k Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika jarri du abian, eta iganderako ekitaldi xumeak deitu dituzte Euskal Herri osoan; Azkoitia, Getaria, Orio eta Zumaian ere egingo dute. 

Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamikaren barruan, 80 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu AEK euskaltegien sareak Euskal Herri osoan igande eguerdirako. «Zerbait sinbolikoa egin nahi dugu, data garrantzitsua delako guretzat», nabarmendu dute Araitz Muguruza eta Amaia Zaldua AEK-ko kide zarauztarrek. Korrika egin izan balitz, egun horretan amaituko litzateke ibilbidea eta, hain justu ere, hitzordu hori baliatuko dute euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzeko eta euskaltegiak erdigunean jartzeko. Bide batez, urte hauetan parte hartu duten eragileei ere eskerrak emango dizkiete.

«Zorionez, Urola Kostan oso erantzun ona izan ohi dugu beti, ez bakarrik parte-hartzeari eta laguntzari dagokionez, AEK-rentzat diru-iturri handia baita. Eskertu nahi diegu urteetan kilometroa erosi dutenei, egindako ahalegin hori», azaldu du Orioko AEK-ko arduradun Amaia Zalduak. Eskualdean ondorengo herrietan iragarri dituzte ekitaldiak: Azkoitin, Balda plazan; Getarian, frontoian; Orio, Herriko Plazan; eta Zumaian, Beheko Plazan. Zarautzen ere antolatuta zuten, baina bertan behera utzi dute intzidentzia-tasan okerrik ez eragiteko. Udalak egungo egoera epidemiologikoa dela-eta, ez die ekitaldia Lege Zaharren enparantzan egiteko baimenik eman, aforoa mugatzea eta jende pilaketak ekiditea zaila izango dela argudiatuta. «Musika Eskolako jolastokian egiteko aukera eskaini digu, baina horrekin ez genuke gure helburua beteko, AEK euskaltegia kalera ateratzea, helduen euskalduntzea indartzeko beharra aldarrikatzea, euskara plazan agertzea...».


Datorren ikasturtean

Korrika atzeratzea «erabaki zaila» izan da. «Kooperatiba bat gara eta enpresa ikuspegitik hartzen diren erabakiak langile guztion artean hartzen ditugu. Baita hau ere. Korrika bat bukatzen denean, hurrengo Korrikaren proposamena mahai gainean izaten dugu jada; zer izango den, noiz izango den, nondik nora... eta guztien artean erabakitzen dugu ados gauden ala ez. Iazko ekainean zalantza geneukan aurten ohiko Korrika egin ala ez, eta urria-azaroa bitartean pare bat galdetegi egin ondoren, 2022ra atzeratzea erabaki zen», kontatu du Zalduak. Dena ongi bidean, Korrikaren ohiko formatua datorren ikasturtean egitea aurreikusten du AEK-k.

Hamabost egunez kalera irten, korrika egin eta euskal txoko guztiak aldarrikapenez jostea da Korrika. «Indar erakustaldi bat, eta, gainera, jendeak diruz laguntzen du», berretsi dute AEK-ko bi kideek. «Baina horretaz aparte ere, AEK-k urtean zehar hainbat bilera egiten ditu EAEko administrazioarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoarekin, Topagunearekin eta Kontseiluarekin ere harremanetan gaude. Hor atzean Euskal Herria euskalduntzeko lana dago, eta Korrika bada hori azeleratzeko erakustoki eta presiogune bat».

Hori horrela, abian jarri duten Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamikarekin hiru ardatz finkatu dituzte. Bata, 2021eko apirileko gutuna helaraziko diete Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen azalduz. Bigarrena, Korrika atzeratzeak AEK-ri galerak ekarriko dizkiola kontuan izanda, herritarrek ekarpen ekonomikoak egiteko leihoa zabaldu dute beren webgunean (aek.eus/ekarpenak). Hirugarrena, azkenik, igande honetan, 12:00etan, Euskal Herriko hamaika tokitan egingo duten ekitaldia, betiere segurtasun neurrietara egokituta. Egitaraua antzekoa da:, AEK-ren mezua irakurri, Arima Berunez Ordain taldea rap abestia jarri, bertsoak, eragileen parte hartzea eta abar. 


Lehengo kopuruak ez

Egungo egoerak halabeharrez eragina izan du AEK-ko ikasgeletan ere. «Taldeak aurrera atera ditugu, baina ikasle kopuruari dagokionez mugak izan dugu. Zortzi ikasletik gora ez ditugu hartu. Lehen gehienez 10-12 lagun izaten ziren, adibidez». Zarautzen bost talde badituzte, eta alde horretatik pozik daudela nabarmendu du Muguruza irakasleak, nahiz eta lehengoko kopuruak ez izan. Bestalde, herrira atera eta kaleko dinamikak ezin izan dituzte egin; esaterako, talo ikastaroak, kantujirak edo gitarra saioak. «Hizkuntza bat ikasterakoan murgiltzea oso garrantzitsua da, eta hori ezin izan da behar bezala garatu».

«Uste genuen jendeak ikastaroa online nahiko zuela, baina ikusi da askok etxetik egiten duela lan, eta behar dutela etxetik atera eta besteekin egon, sozializatu». Jendeak jarraitu du euskara ikasten, pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere. Horregatik, euskaltegien lana azpimarratu dute.