Etendako itsas-bidaien arrastoak, erakusketa bihurtuta

(Maria Maya Manterola)

1900etik hona Bizkaiko Golkoan hondoratu diren itsasontzien historia jaso dute Etendako itsas-bidaiak erakusketan. Panel ilustratuekin, itsasontzi horietako objektuekin nahiz mapekin osatu dute bilduma, eta Oxford aretoan egongo da ikusgai bihartik apirilaren 18ra arte.

Ana Mª Benitok eta Javier Mazpulek urteak daramatzate itsasoan gertatutako istripuak ikertzen, eta horren emaitza dira Naufragios en la Costa Vasca: 1976-2016 eta Getariako naufragioak. XX. mendea liburuak, bai eta Etendako itsas-bidaiak erakusketa ere. Hain zuzen, 1900. urtetik 2016. urtera bitartean Bizkaiko Golkoan hondoratutako itsasontzien historia aztertu dute Benitok eta Mazpulek, eta hainbat galdera izan dituzte abiapuntu modura: "Zergatik hondoratu ziren? Nork egin zituen salbamenduak? Nola berreskuratu zituzten hondakinak?". Galdera horiei helduta topatu dituzte hamaika aztarna, eta horiek oinarri hartuta sortu dituzte bi liburuak eta Etendako itsas-bidaiak erakusketa, "testu horien isla" izango litzatekeena.

Besteak beste, panel ilustratuak, mapak, hondoa jo zuten ontzietako objektuak, salbamenduetarako erabilitako baliabideak nahiz Luis Urrestik utzitako soka bat barne hartzen ditu bildumak. "Erakusketa hau hondoratutako tripulazioei eta salbamendu-bitartekoei omenaldia da; horrekin, itsasontziak hondotik ur-azalera aterako ditugu gure itsas ondarearen memoria kolektiboan nabiga dezaten", adierazi dute Benitok eta Mazpulek.

Erakusketa Oxford aretoan egongo da ikusgai bihartik, martxoaren 26tik, apirilaren 18ra. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara izango da bilduma ikusteko aukera, eta asteburuetan eta jaiegunetan, aldiz, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Hamaika bidaldi

Itsasoan gertatutako hainbat eta hainbat istripuren arrastoak bildu dituzte urte luzez Benitok eta Mazpulek, eta ikerketa-bidaia horren lekuko izango dira Oxfordera bertaratzen direnak. "Baionatik abiatuko gara, Bilboko Murueta ontzi-enpresaren Luno zamaontzia (2014) zamaontzia galdu zen lekutik, eta Santanderrera iritsiko gara, Boquerón merkataritza-ontziaren hondoratzearekin (Quintres lurmuturra, 1990)", azaldu dute bi ikerlariek.

Zumaia ere zeharkatzen du nolabait erakusketaren ibilbideak, Javier Carballok lagunduta bildu baitituzte hainbat istorio. "Lehen Mundu Gerran (1918) urpeko alemaniar batek hondoratutako Lyndiane merkantzia-ontzi frantsesaren tragediara eta Osthav petrolio-ontzi norvegiarraren odiseara hurbilduko gara: haren popa Kantabrian agertu zen, eta branka, Zumaian. Velazquez (1971) itsasontzia ere ezagutuko dugu, laino handiarekin, Aitzabal kalan harrapatuta geratu baitzen; Cadizko Denebole bakailao-ontziak berriz, Santiago hondartzan hondoa jo zuen (1968)".