"Gorputzarentzat oso estresagarria da ur azpian egotea, hortaz, gorputzarekin borroka egitea bezala da"

Zumaiako Olarrosub taldeko Eider Gutierrezek eta IƱigo Arangurenek hartu dute parte aurtengo Euskoapnean. (Utzitakoa)

Aurreneko aldiz lehiatu, eta Euskadiko Apnea Txapelketa irabazi zuen joan den igandean Olarrosubeko Eider Gutierrezek. Gakoa urduritasuna "kontrolpean mantentzea" dela dio.

Gorputza eta burua kontrajartzen dituen ariketa gisa definitu genezake apnea. Soinak zerbait eskatzen du modu etsian, baina beste helburu bat dauka adimenak. Urazalera irtetea eskatzen du gorputzak, baina ur azpian jarraitzeko ahalegin izugarriari eutsi nahi dio buruak.

Eider Gutierrez arrasatearrak duela hilabete eskas ekin zion apnea kirol diziplinan aritzeari. Zumaiako Olarrosub klubeko kidea da, eta martxoaren 21ean lehiatu zen aurrenekoz, Euskadiko Apnea Txapelketan. Mugarri izan zen Getxon jokatutako jardunaldi hori, bai inguru honetan apnean aritzen diren kirolari guztientzat, baita Gutierrezentzat berarentzat ere: emakumeen arteko lehiaketa izan zen lehenengo aldiz Euskoapnean, eta Gutierrezek jantzi zuen txapela.

Ainhoa Garcia, Yaiza Romero eta Mar Sanchez izan zituen aurkari Olarrosubeko kideak. 299,49 puntu lortuta, arrasatearra gailendu zen emakumeen arteko lehian, baina ez hori bakarrik: 176 punturekin, bigarren egin zuen Gipuzkoako txapelketako sailkapen absolutuan. Igandeko norgehiagokak hiru ariketa barne hartzen zituen, eta horixe izan zen Gutierrezek lortutako dominen kopurua ere: urrezko bi eta zilarrezko bat irabazi zituen. Puntuak batuta, emakumeen txapela ere eskuratu zuen.

Jauzia

Gutierrezek urte luzez jardun du urpekaritzan, baina aire botila batek lagunduta beti. Dena den, esan du aurten "nahiko gaizki" egon dela itsasoa urpekaritza egin ahal izateko. "Klubeko Iñigo Aranguren aspaldi hasi zen apnea egiten, eta esan zidan horretan entrenatzen ari zirela aurten ere. Otsailean animatu nintzen haiekin hastera".

Beste askok bezala, Gutierrezek aurretik ere "bere kontura" jardun izan du ur azpian arnasari eutsi nahian, "txikitatik": "Igerilekura joan naizen askotan saiatu naiz probatzen ea zenbat denbora egin nezakeen ur azpian". Hala ere, gogoratu du urpekaritzan hasi zenean ohartu zela "zer arrisku duen" ariketa hori bakarka egiteak: "Konortea galdu dezakezu eta, gainera, konturatu gabe. Apnea egitean, bat-batean gertatzen da".

Arrasatearrak adierazi du helburu argi batekin erabaki zuela lehia ofizialera jauzi egitea kirol diziplina horretan: emakumeen arteko txapelketa egotea. "Pentsatu nuen ni animatuta, agian, hurrengo urtean beste norbait ere animatu zitekeela", dio. Ez da aurten pauso hori eman duen emakume bakarra izan, eta lortu dute 2021eko Euskoapnean emakumeen sailkapena osatzea.

Gorputzaren mugak

Entrenamenduekin otsailean hasi arren, Gutierrezek "aurrerapauso" nabarmenak sumatu ditu jada. Euskoapnean lau minutu iraun zituen ur azpian, baina entrenamenduetan arnasa bost minutuz eustera heldu izan dela baieztatu du; entrenatzen hasi zenean, ordea, hiru minutu eta erdi inguru egiten zituen ur azpian. Uste du "lasai egotea" dela apnea egiteko giltzarri nagusia: "Gorputzarentzat oso estresagarria da ur azpian egotea, hortaz, gorputzarekin borroka egitea bezala da. Zuk jakin badakizu uretatik aterako zarela, baina zure gorputzak ez. Horregatik, trukoa da urduritasuna eta kanpora ateratzeko premia kontrolpean mantentzea, modu arrazionalean".

Ur azpian sartzean, hainbat "fase" egon ohi direla azaldu du: "Lasaitasuna da aurreneko fasea. Ur azpian zaude eta gorputza ondo sentitzen da. Gero iristen da une bat non gorputza oxigeno falta nabaritzen hasten den, eta hor hasten da borroka".

Gutierrezek ondorioztatu du apnearen eskutik doazen buru-ariketa horiek lagungarriak direla egunerokotasuneko hainbat arlotan. "Niretzat terapia baten modukoa izan da. Azkenaldian guztiok gaude urduri pandemia dela-eta, eta niri apneak izugarri lagundu dit ikasteko nola mantendu lasaitasuna".