AEK-k 'Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!' ekitaldia egingo du igandean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 24a, 16:30

Aurten ere Korrika egin izan balitz, datorren igandean iritsiko litzateke helmugara. Horren harira, AEK-k ekitaldiak egingo ditu egun horretan Euskal Herriko hainbat herritan, besteak beste, Zumaian. Korrikaren kilometroak erosi izan dituzten kolektiboei eskatu diete 12:00etan Beheko Plazara bertaratzeko.

Igande honetan, martxoaren 28an, AEK-k ekitaldi bereziak egingo ditu Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan. Izan ere, aurten ere Korrika egin izan balitz, egun horretan amaituko litzateke ibilbidea. Horren ordez antolatu dituzte Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! ekitaldiak AEK-ko kideek, eta Zumaian ere izango da "euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzeko" agerraldi bat igandean.

Zumaiako AEK-ren esanetan, "ekitaldi txikia eta xumea" izango da herrikoa. 12:00etan jarri du hitzordua Beheko Plazan, eta Korrikaren kilometroak erosi izan dituzten eragileei luzatu die bertaratzeko gonbita. Ekimen itxia izango da, dena den: "Zoritxarrez, etorri nahi lukeen herritar oro besoak zabalik hartuko genukeen arren, pandemiak oztopatu digu, ezingo genituzke-eta distantziak bermatu".

AEK-ko kideek, bestalde, azaldu dute "euskalduntze bidera animatzeko" eta "euskal kultura sustatzeko" antolatu ohi dutela Korrika, eta "euskalgintzarentzat galera handia" izango dela aurten ez egin izana. "Galera ekonomikoa" ere aipatu dute, hala. "Horregatik, eragileen eta hiru administrazioen bultzada lortu asmoz, sortu da Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! ekimena", nabarmendu dute.