Igandean izango da dantza garaikideko tailerren bigarren saioa

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 23a, 09:24

Asteroko saioez gain, noizbehinkako saioak antolatu ditu Zumaian Astindu elkarteak. Igande honetan izango da hurrengoa, Torreberri gaztetxean. Zabalik dago izen-ematea.

Dagaz Dantza Garaikideko Zaleen Sarea martxan da Zumaian ere. Astindu elkarteak ostegunero egiten ditu dantza garaikideko saioak Zumaienako gimnasioan, baina hilabete hasieran jakinarazi zuenez, aldizkako hainbat tailer ere egingo ditu herrian. Igande honetan izango da saio puntual horietako bat, 11:00etatik 12:30era, Torreberri gaztetxean. Partaide bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu saio bakoitzeko.

Igande honetakoaz gain, tailerren beste bi hitzordu bat ere zehaztu dituzte Astinduko kideek: apirilaren 25ean izango da dantza garaikidea ezagutzeko beste saio bat, ordu eta leku berdinean. Hirugarren saio bat ere egingo dute maiatzean, baina oraindik ez dute egun zehatzaren berri eman.

Tailerretara bertaratzeko asmoa dutenek izena eman beharko dute aurretik, dagaz@dantzaz.eus helbide elektronikora mezu bat igorrita.