Zumaian kasu positibo bakarra baieztatu dute ostegunetik atzora bitartean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 22a, 13:24

Intzidentzia tasa zertxobait jaitsi da azken lau egunetako datuekin: 183,17koa zen aurreko ostegunean, eta 172,99koa da une honetan. Urola Kosta eskualdean 31 kasu positibo izan dira ostegunetik igandera bitartean, eta Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien: hemeretzi.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakinarazi du zenbat kasu positibo baieztatu dituzten udalerri bakoitzean aurreko ostegunetik atzora bitartean. Zumaian emaitza positibo bakarra izan da ostegunetik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno probetan; larunbatean detektatu zuten kasu berri hori. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak, baina, behera egin du azken egunetako datuekin: 183,17koa zen herrikako azkeneko kopuruekin, asteazkenekoekin, eta 172,99koa da gaur-gaurkoz.

Urola Kosta eskualdean, guztira, 31 kasu positibo zenbatu dituzte ostegunetik atzora bitartean. Oraingoan ere Zarautzen atzeman dituzte positibo gehien: hemeretzi; seina kasu osteguneko eta ostiraleko probetan, hiru larunbatekoetan eta lau atzokoetan. Kasu metatuen tasak gora egiten jarraitzen du Zarautzen, eta 282,69koa da une honetan.

Azkoitian lau positibo baieztatu dituzte azkeneko lau egunetan; kasu bana osteguneko, ostiraleko, larunbateko eta atzoko probetan. Ostegunean argitara ateratako emaitzekin 83,45ekoa zen intzidentzia tasa Azkoitian, baina zenbatekoak gora egin du azken lau egunetan erregistratutako datuekin, eta 100,14koa da orain.

Azpeitian, bestalde, hiru emaitza positibo izan dira ostegunetik atzora bitartean; bana ostegunean, ostiralean eta larunbatean, eta bat bera ere ez atzo. Kasu metatuen tasa 151,12koa da une honetan Azpeitian, eta Zarautzek eta Azkoitiak bezala, eremu horian jarraitzen du. Horiz margotuta dago Orio ere, hiru kasu baieztatu baitituzte azken lau egunetan –bana osteguneko, larunbateko eta atzoko probetan–, eta 146,77koa baita intzidentzia tasa. Dena den, behera egin du tasak azkeneko emaitzekin: 163,08koa zen aurreko asteazkeneko datuekin, eta 146,77koa da gaur egun.

Zestoan kasu bakarra detektatu dute azken lau egunetan, larunbatean, hain zuzen. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, ordea, ez da emaitza positiborik izan ostegunetik atzora bitartean.

1.781 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 395 kasu positibo detektatu dituzte atzo egindako probetan; 166 Bizkaian, 104 Gipuzkoan, 66 Nafarroan, 58 Araban eta bat beste lurralde batean bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasa gorantz doa Nafarroan eta %5,7koa izan da azken orduetan; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, %4,2koa izan da atzoko probetan –herenegungoetan %4,6koa izan zen–.

Ostegunetik igandera bitartean, orotara, 1.781 emaitza positibo izan dira Hego Euskal herrian.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 228 pertsona daude Osakidetzaren erietxeetan ospitaleratuta, eta horietatik 90 daude ZIUn. Atzo 31 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19ak jota.