Zumaiaren bandera jaso du Realak, Sevillara eramateko

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 22a, 12:19

Realak eta Athleticek larunbatean jokatuko dute Kopako finala Sevillan. Horren harira, Gurekin kanpaina jarri du martxan Realak: taldearen autobus ofizialak Gipuzkoa osoa zeharkatuko du gaur eta bihar, udalerrietan geldialdia egin, bakoitzeko bandera jaso eta asteburuan Sevillara eroateko.

Getariatik igaro ostean, Realaren autobusa 11:25ean iritsi da Zumaiako bake epaitegi aurreko autobus geltokira. Klubeko ordezkariei harrera egin diete Algorriko zaletuek eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, eta talde argazki bat atera dute guztiek. Udalerriaren bandera eraman dute talde txuri-urdineko ordezkariek, baina Realarena ere utzi dute herrian, udaletxeko balkoian eskegita egon dadin aste osoan zehar.