Garazi Bergara zumaiarrak irabazi du kadeteen XXX. Zarauztarra Saria

Mireia Galarza eta Urtzi Oteiza 2021ko mar. 21a, 17:39

Guztira, 165 txirrindularik parte hartu dute proban, eta Aritz Aranbarri azpeitiarra eta Bergara nagusitu dira lehen taldean. Bigarrengoan, aldiz, Guzman Greccok eta Lur Zufiriak irabazi dute lasterketa.

Zarauztarra Saria jokatu dute gaur txirrindularitzako kadeteetako bi taldeek Zarautzen, eta Aritz Aranbarri eta Garazi Bergara zumaiarra izan dira irabazleak kadeteen lehen mailan. Guzman Greccok eta Lur Zufiriak, aldiz, irabazi dute kadeteen bigarren mailako lasterketa.

52 kilometroko ibilbidea egin dute Zarauztarra Sarian parte hartu duten lehen urteko eta bigarren urteko kadeteek. Astitik atera, eta Nafarroa kaletik Zarauzko parrokia aldera egin dute, han Getariarantz jarraitzeko N-634 errepidetik. Zumairaino iritsi dira, eta saihesbidetik Txikierdira iritsi, Oikiara hartu, Aizarnazabalerantz segi Iraetara arte, eta handik Arroara jarraitu dute.

Arroa Behean, berriz Txikierdira, eta bigarren buelta egin dute, Oikia, Aizarnazabal, Iraeta eta Arroa zeharkatuz. Gero, berriz Getariarako bidea hartu dute, eta Zarautzen Nafarroa kale osoa zeharkatu dute, autobideko biribilgunean kanpinerako bidea hartuz. Han izan da helmuga, Mendibeltz bidean. Sari banaketa, berriz, Astin egin dute.