Gaur amaituko da 'Frida Kahlo. Artista eta aktibista' erakusketa

Baleike 2021ko mar. 21a, 11:15

18:00etatik 20:00etara izango ditu zabalik ateak Alondegiko Oxford aretoak, eta artista mexikarrari buruzko erakusketa ikusi nahi duenak tarte horretan bertaratu beharko du. Donostia Kulturak ekoitzi eta utzitako lana da, eta martxoaren 5etik egon da ikusgai.

Donostia Kulturak ekoitzitakoa da Frida Kahlo. Artista eta aktibista erakusketa, eta Aitziber Alonsok egin ditu komisario lanak. Berak marraztu ditu  Kahloren biografian oinarritutako ilustrazioak ere. "Modu koloretsu eta artistikoan, emakume aparta honen bizitza ezagutzeko aukera paregabea izango dugu", adierazi dute antolatzaileek. Kahloren artelanen irudiak eta bere izaeran inspiratutako objektuak ere jarri dira erakusgai, eta aipatu nahi izan dute Paoletta Balmelli artista suitzarrak "espresuki" egindako margolana.

"1954an, hil ondoren, izan du Frida Kahloren bizitzak eta lanak oihartzunik handiena, mundu mailan mexikar kultura eta feminismoaren aldarrikapen sinbolo bihurturik".

Alondegiko Oxford aretoan martxoaren 5etik egon da zabalik erakusketa, eta gaur izango du azken eguna. Bertaratzeko asmoa dutenek 18:00etatik 20:00etara aurkituko dituzte ateak zabalik.