Grebaren harira, eskualdeko garbitzaileek auto karabana egingo dute asteazkenean

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 15a, 10:44
(LAB Donostia)

Gipuzkoako garbiketa alorrean greba deitu dute ELA, LAB eta UGT sindikatuek martxoaren 15erako, 16rako, 17rako eta 18rako. Lau greba egun horien bidez soldata-arrakalarekin amaitzeko eta negoziazioari "merezi duen seriotasunez heltzeko ordua" dela aldarrikatu nahi dute sindikatuek. Greba dela eta, eskualdean ere mobilizatuko dira, eta asteazkenean auto karabana egingo dute Azkoitiko Altzibarko biribilgunetik hasita. 

Gipuzkoako eraikuntzetako garbitzaileek lau egunetako greba deitu dute datorren asterako. ELA, LAB eta UGT sindikatuek egin dute greba deialdia, soldata-arrakalarekin amaitzea eskatzeko eta negoziazioari "merezi duen seriotasunez heltzeko ordua" dela aldarrikatzeko. Martxoaren 15ean, 16ean,17an eta 18an egingo dute greba, eta egun horietan askotariko mobilizazioak eta protesta ekimenak egingo dituzte. 

Deialdira batu diren eskualdeko garbitzaileek ere egingo dute greba, eta asteazkenean, 15:30ean, auto karabana egingo dute Azkoitiko Añtzibarko biribilgunetik hasita. 

Aldarriak eta salaketak

Sindikatuek jakinarazi dutenez, grebara batu diren garbitzaileek argi dute: "Garbitzaileen pandemia ez COVID-19a, prekarietatea da. Emakume aurpegia duen prekarietatea". Gaineratu dute egungo sistema "langile klasearen bizi-baldintzen eta, bereziki, garbitzaileen baldintzen aurka" doala. Horren harira, patronala seinalatu dute, eta ardurak betetzeko eskatu diote: "Egoera honetan, patronalak soldata arrakala aitortu gabe jarraitzen du, eta garbitasun feminizatuari balioa kentzen dio. Beste urte batzuetan adina irabazi ez dutela izan eta  2019 eta 2020rako % 0ko igoera proposatu dute. Urtarrilean eginiko bi eguneko grebaren ondoren, eskaintza %0,5 igo da 2021 eta 2022rako, %1ko eta %1,5ko eskaintzarekin 2021 eta 2022rako urrenez-urren".
 
Era berean, sindikatuek gogoratu dute eraikuntza enpresetako emakumezko garbitzaileek kale-garbikuntzako gizonek  baino 5.000 euro gutxiago irabazten dutela. "Izan ere, %28ko aldea dago kale garbiketako eta eraikin eta lokalen garbiketako langileen artean, hau da, gizon eta emakumeen artean. Lehenak urtean 23.183 euro jasotzen ditu; bigarrenak, 17.784. Hau da, 5.401 euroko aldea dago.  6.500 lagun aritzen dira Gipuzkoako garbikuntza sektorean eraikinak eta lokalak garbitzen; horietatik 1.500ek baino gehiagok enpresa ituna dute. Horietatik % 80 emakumeak dira, eta kontratu partzialak dituzte", azaldu dute greba deialdia egin dute hiru sindikatuek.