Positibotasun tasak behera egin du Hego Euskal Herrian

Julene Frantzesena 2021ko mar. 13a, 12:50

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 356 kasu detektatu zituen atzo Osakidetzak, eta Osasunbideak 51 Nafarroan. Datu horiek tarteko, %4,4 da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa, eta %2,7, aldiz, Nafarroakoa. Osakidetzak jakinarazi duenez, 46 lagun ospitaleratu zituzten atzo.

Koronabirusaren eragina asko apaldu da azken asteetan Hego Euskal Herrian, baina oraindik ere asko dira PCR eta antigeno probetan atzematen ari diren kasu positiboak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 356 kasu detektatu zituen atzo Osakidetzak, eta Osasunbideak 51 Nafarroan. Orotara, beraz, 407 lagunek eman zuten positibo atzo Hego Euskal Herrian, herenegun baino 40 positibo gutxiago.

Atzo 8.133 proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 356 positibo zenbatuta, %4,4ra jaitsi da positibotasun tasa; izan ere, herenegun %5,2 zen tasa hori. Nafarroan, berriz, 1.857 test egin zituzten eta 51 positibo zenbatu; %2,7 da lurralde horretako positibotasun tasa –herenegun %3,5 zen tasa–. Ikusteko dago, beraz,  joerari eusten dion positiboen jaitsierak, eta hala ez bada, zenbaterainokoa izaten den datuen dantza.

Lurraldekako datuei erreparatuz gero, aldeak nabarmenak dira: Bizkaian 188 positibo atzeman zituzten atzo, Gipuzkoan 100, Araban 56 eta Nafarroan 51. Gainera, lurralde horietatik kanpo bizi diren hamabi lagunek ere eman zuten positibo atzo gauzatutako probetan.

Osakidetzak ospitaleetako datuak ere eman ditu, eta erakundearen arabera, atzo 46 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan. Gaur-gaurkoz, herenegun moduan, 95 lagun daude ZIUetan ospitaleratuta.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez ditu herrikako datuak argitaratzen asteburuetan; beraz, astelehenera arte itxaron beharko da tokian tokiko datuak izateko.