Udalak eta Txiribuelta elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Mireia Galarza Bastida 2021ko mar. 12a, 15:00

Hitzarmenaren bidez, elkarteak 1.500 euroko laguntza jasoko du, bere jarduerak aurrera eraman ditzan. Elkartearen helburua da, besteak beste, 0-6 adin tarteko haurren garapen osoa lortzea. 

Elkartearen jarduna errazteko helburuarekin, lankidetza hitzarmena sinatu dute Txiribuelta elkarteak eta Zumaiako Udalak. Hala, 1.500 euroko laguntza eman dio udalak Txiribuelta elkarteari bere jarduerak aurrera eramaten laguntzeko.

Halaber, Aita Mari antzokiko goiko solairuko gela bat utzi dio Zumaiako Udalak elkarteari, biltegi moduan erabiltzeko. Horrekin batera, biltegian materiala txukun gordetzeko altzari bat erosiko du udalak.

Txiribuelta elkartea 0-6 adin tarteko haurrak dituzten Zumaiako familien elkartea da, eta besteak beste, ondorego hauek dira euren helburuak: 0-6 urteko haurren garapen osoa lortzea; hazkuntzari lotutako zalantzak, kezkak eta gogoetak elkar trukatzeko bilgune izatea; eta familien artean komunikazio bide berri bat hasi eta zabaltzea.

Zumaiako Udalak uste du herrian dagoen "hutsune bat" betetzen duela Txiribuelta elkarteak, "herriko txikienei behar duten arreta eskaintzeko egiten duen lanagatik", eta horregatik erabaki dute beraiekin elkarlanean jarraitzea.