Inbertsioak egiteko dirulaguntzak eskatzeko epea, irekita

Mireia Galarza Bastida 2021ko mar. 11a, 17:57

Maiatzaren 15a izango da eskaerak aurkezteko azken eguna, eta udaletxean bertan nahiz erakundearen egoitza elektronikoan egin daiteke eskaera. Merkatari eta ostalariei zuzendutako dirulaguntzak dira. 

Koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko inbertsioak egin behar dituzten merkatari eta ostalariei dirulaguntzak eskainiko dizkie Zumaiako Udalak, eta dagoeneko aurkeztu daiteke eskaera. Iaz egin zuen udalak dirulaguntza horien deialdia eta eskaera berriak egiteko aukera ematea erabaki du oraingoan. Horretarako azken eguna maiatzaren 15a izango da. 

Dirulaguntzen helburua da herriko merkatariei eta ostalariei laguntzea COVID-19ari aurre egin diezaieten. Tabernetan, dendetan, ileapaindegietan zein estetika zentroetan egindako inbertsioak finantzatuko dira dirulaguntza lerro honen bidez: babes neurrieterako egindako inbertsioak, lokalak eta lan-moduak egokitzeko egindakoak, lan-erlazio berriak egokitzeko inbertsio teknologikoak…

2.000 eurora arteko dirulaguntzak dira eta eskaera udaletxean nahiz egoitza elektronikoan egiteko aukera izango dute herritarrek. Hala eta guztiz ere, aukera elektronikoa lehenesteko eskatu du udalak. Zehazki, 2020ko martxoaren 14aren eta 2021eko maiatzaren 15aren artean egindako inbertsioak lagunduko dira diruz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako laguntzak dira, eta erakunde horrek jarritako 38.000 euroei 12.000 gehituko dizkio Zumaiako Udalak. Beraz, guztira, 50.000 euro bideratuko dituzte ostalari eta merkatariak laguntzeko. Egoera epidemiologikoaren bilakaera ikusita, Aldundiak inbertsio horiek egiteko epea luzatzea erabaki du eta, horrenbestez, udalak ere moldatu egin du dirulaguntzak eskatzeko epea.