Euskara eta musikaren arteko harremana hizpide izan dute 'Euskara, bestela ez gara' zikloko azken hitzaldian

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 11a, 11:19
Argazkia: Alondegia kultur etxea

Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloko laugarren eta azken hitzaldia egin zen atzo Aita Mari aretoan. Euskara eta musika. Ahots berriak eztabaida zaharretan izenburua zuen hitzaldiak, eta hizkuntzarekin duten esperientziaren inguruan aritu ziren hizlariak.

Belaunaldi eta musika estilo desberdinetako hiru musikari izan ziren protagonista atzo Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloko azken saioan: Amancay Gaztañaga (Grises), Jurgi Ekiza (Willis Drummond) eta Ningra izengoitiarekin abesten duen Uxue Iturrate. Julen Aperribai kazetari zumaiarra izan zen saioko dinamizatzailea. 

Musikari bakoitzak euskararekin duen harremana azaldu zuten saioaren hasieran. Beraien musika jardueran zer hizkuntza erabiltzea hautu kontziente bat izan zela adierazi zuten hirurek. Jurgi Ekizaren kasuan, nahiz eta euskara bere ama hizkuntza izan, une batean galdu egin zuela azaldu zuen, eta musikak eskaini ziola euskara berreskuratzeko aukera. Ningrak, berriz, rapa euskaraz egiteko hautua era kontziente batean hartu zuela adierazi zuen, hautu politiko baten moduan.

Kontrapuntua Amancay Gaztañagak eman zuen. Grises Zestoako taldeak gazteleraz abesten du, eta taldea sortu zutenean pop edota elektronika estiloetan euskarazko erreferenterik ez zutela esan zuen, eta gazteleraz abestea erabaki kontzientea izan zela. Horri helduta, sarritan galdera bera egiten dietela aipatu zuen, ea zergatik abesten zuten gazteleraz. Beste kultur diziplina batzuetan ere aritzen dela gogoratu zuen –antzerkian, adibidez–, eta haietan ere gaztelera erabiltzen bada ere, beste diziplineta horietan, musikan ez bezala, hizkuntzaren aukeraketa hain auzian jartzen ez zela azpimarratu zuen. 

Erreferenteak izatea garrantzitsutzat jo zuten. Ekizak Mikel Laboa edo Negu Gorriak aipatu zituen; Ningrak, berriz, bere erreferenteak euskaraz abesten duten rap abeslari edo taldeak direla azaldu zuen, eta haiek entzunda abiatu duela bere ibilbidea rap munduan. 

Sarritan entzun izan da musika munduan ea euskaraz egitea ez den muga bat arrakasta izateko. Ekizaren ustetan, euskaraz aritzeak berezitasun bat eskaintzen die talde eta abeslari hauek, eta hori atzerrian saritzen delakoan da.

Bizi dugun komunitatea txikia izanda ere, euskal eta erdal komunitateak oso berezita daudela iritzi izan zuen Ekizak. Hitzaldiaren bideratzaileak aipatu zuen musikaren bidez heltzen dela gehien euskara erdal komunitatera. Zentzu horretan musikak jendearekin konektatzen duen gaitasuna azpimarratu zuten, nahiz eta hizkuntza ez ezagutu. 

Musika euskaraz egitea modan dagoela, eta talde batzuek hautu hori egin izan dutela ere entzun zen hitzaldian. Ekizak nabarmendu zuen berari ez zaiola axola zergatik egiten duten euskaraz; euskaraz abestea dela garrantzitsua. Euskara normalizatutako egoera batean egongo balitz halako iritziak entzungo ez zirela adierazi zuen, eta arrazoi batengatik edo besteagatik euskaraz egiteko apustua egin zuen Willis Drummondeko abeslariak. 

Hitzaldiaren amaieran musika entzuteko aukera izan zuten bertaratu zirenek: Ningrak rap saioa eskain zuen, eta Jurgi Ekizak eta Amancay Gaztañagak, batera, bi abesti kantatu zituzten.