'Sin señas particulares' pelikula, gaur zine forumean

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 11a, 08:18

Fernanda Valadez zinemagileak zuzendutako Sin señas particulares pelikula emango du gaur Ostarrena zine klubak zine forum saioan. Emanaldia 19:00etan hasiko da, Aita Mari zinean. Sarrerak bost euro balio du. 

Magdalenak bidaia bat egingo du Estatu Batuen mugarako bidean desagertutako bere semearen bila. Egungo Mexikoko herri eta paisaia atsekabegarrien artean egingo duen ibilbide horretan Miguel ezagutuko du, Estatu Batuetatik deportatu berri dutena eta etxera bueltan doana. Hala, elkarri lagun egingo diote, Magdalena bere semearen bila, eta Miguel ama berriz ikusteko zain, biktimak eta biktimarioak elkarrekin noraezean dabiltzan lurralde batean.

Film mexikar honek Ikuslearen saria jaso zuen iazko Sundanceko zine jaialdian, eta film latinamerikar onenaren Horizontes saria iazko Donostiako Zinemaldian.