Zumaian eguzki energiaz argindarra sortzeko Ekiola proiektua aurkeztu dute

Gorka Zabaleta 2021ko mar. 10a, 11:11

400 bat herritarrez osatutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat sortzea da proposamena, eguzki plakek sortzen duten energia herrian bertan kontsumitzeko. Mondragon taldeko Krean kooperatibak landutako proiektua da, Energiaren Euskal Erankundearekin batera, eta Udalbatzako talde guztien babesa du.

Energia sortzeko eta kontsumitzeko eredua aldatzeko premia jarri dute mahai gainean azken hiru aste hauetan energiaren inguruko jardunaldietan parte hartu duten hizlari guztiek; bada, behar horri erantzuten hasteko proposamen zehatz batekin aurkeztu ziren atzo Aita Mari aretoan Krean kooperatibako ordezkari Elene Santamaria eta Hodei Arzak: Zumaian 400 bat familiaren argindar kontsumoa asetuko duen eguzki plaken instalazio bat jartzea, zeinaren jabeak herritarrak beraiek izango diren, irabazi asmorik gabeko kooperatiba batean egituratuta. 400 familia, Zumaiako biztanleen %10, gutxi gorabehera. Megawatt bateko potentzia duen azpiegitura bat beharko da, eta 1,2 hektareako azalera hartuko duen lur-gaineko azpiegitura bat aurreikusi dute, eguzki plakak instalatzeko.

Ekiola proiektua Krean kooperatibak diseinatu du eta Energiaren Euskal Erankundearen (EEE) babesa du, urte gutxiren buruan ahalik eta herri gehienetan horrelako azpiegiturak martxan jartzeko (Azpeitiak onartu du dagoeneko). 2030erako, etxebizitzetako argindar beharraren herena asetzera iritsi nahi dute. “Ekiola herritarrentzat pentsatutako erreminta bat da, tokian tokiko beharrei erantzuteko. Herri bakoitzak behar duen energia asetzeko tresna bat da”, azaldu dute Kreaneko ordezkariek.

Udalak oniritzia emanez gero, Krean eta EEE arduratuko dira proiektua sustatzeko beharrezkoak diren urrats guztiez: lanketa teknikoaz, baimenez, proiektuaren diseinuaz... Behin fase hori gaindituta eta Zumaian proiektua bideragarria dela bermatuta, herritarren txanda iritsiko da. “Herritarrez osatutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba izango da azpiegituraren jabea; helburua da bazkide egiten diren herritar horien energia beharrari erantzuteko adina argindar sortzea, ez gehiago”. Herritarrekin batera, kooperatibako parte izango dira Udala, EEE eta Krean, “kooperatiba ondo kudeatzen dela bermatzeko, baina gehiengoa herritarrek izango dute".

Instalazioa bideragarri izateko 400 bat bazkide beharko direla kalkulatu dute. Herritarrez gain, herriko merkataritza eta ostalaritza ere izan daiteke proiektuko bazkide; eta Udalak berak ere har dezake zati bat bere erabilerarako, esate baterako, argindarra ordaintzeko baliabiderik ez dutenei zerbitzua bermatzeko. Bazkide bakoitzari kalkulatuko zaio zein den bere kontsumoa, eta horri erantzuteko behar diren eguzki plakak esleituko zaizkio, ez gehiago. “Hemen ez dago diru irabazirik; bazkideek dirua aurreztu egingo dute, merkatuan baino merkeago ordainduko dutelako argindarra, baina irabaziak sortzen badira proiektu berriak sustatzeko erabiliko da”, azaldu dute.

Bazkide bakoitzak egin beharreko inbertsioaz, oraindik ez dago kalkulu zehatzik. Dena den, familiako 2.000 euro ingurukoa izan daitekeela aurreratu dute, baina kopurua nabarmen murrizteko lanean ari omen dira. “Europako dirulaguntzetara aurkeztu dugu proiektua, eta Aldundiekin ere elkarlanean ari gara abantailak lortzeko. Finantziazioa lortzen badugu, 500-800 euro ingurukoa izan daiteke familia bakoitzak egin beharreko inbertsioa”. Azpiegiturak 25 urteko bizitza izango du ziurtatuta (mantenuaz arduratuko da Krean bera), eta argindarra ekoiztea kostatzen den prezioan ordainduko dute bazkideek. “Etorkizunean argindarraren prezioaren bilakaera zein izango den ez dago asmatzerik, baina gaur egun 47 euroren bueltan badago merkatuan, Ekiolan 20-25 eurotan sortu dezakegula kalkulatu dugu”.

Kokapena, erabaki gabe

1,2 hektareako azpiegitura hau non jarriko litzatekeen oraindik ez dute erabaki. Lur publiko zein pribatuak aztertzen ari dira. “Baldintza jakin batzuk bete behar ditu lekuak: laua izan behar du, bertara kotxez iristeko aukerarekin, eta argindar saretik gertu, konexioa erraz egiteko”.

Eguzki plakek sortuko duten argindarra sare orokorraren bidez iritsiko litzateke bazkideen etxeetara. Horrek, legez, ezinbestean eskatzen du argindarra komertzializatuko duen enpresa bat. Hasiera batean, bitartekari lan hori egiteko Ekiolak berak izango du bere enpresa. “Merkatuan dauden saltzaileekin harremanak izan ditugu eta, gaur-gaurkoz, oso zaila da bat egitea gure planteamenduarekin; horregatik, proiektuak ondo funtzionatuko duela ziurtatzeko, erabaki dugu Ekiolak berak sortzea bere bitartekaria. Aurrerago, kooperatibak berak erabaki dezake beste enpresa batekin adostea argindarraren salerosketa”.

Alex Oliden: “Lehen urrats indartsua da”

Atzoko aurkezpenean bertan aurreratu zuen udal zinegotzi Alex Olidenek Udalak laster emango duela ofizialki proiektu honen berri, eta aldeko jarrera dutela udal talde guztiek. “Energiaren gaian eredu aldaketa sakon bat behar da, eta ez daukagu galtzeko denborarik. Kreanek aurkeztu duen proiektu honek aukera ematen digu bide horretan lehen urrats indartsua egiteko, baina ez da bakarra izango. Honek ez ditu beste aukerak baztertzen, eta Energia Estrategiaren dokumentuan jasotzen dira hainbat lan lerro, kontsumoa murriztetik hasita. Eta funtsezkoa izango da, baita ere, herritarrak heztea energiaren gaian eta denok arduraz jokatzen ikastea”.