40 ikasle izan ditu XIX. Klarinete Maratoiak

Maratoian parte hartu duten ikasleetako batzuk (Argazkia: Sapere Aude Sinfonietta)

Antolatzaileek egitasmoaren balorazioa egin dute, eta  aurtengo edizioa "guztiz positiboa" izan dela iritzi diote, "aurreko urteetakoekin alderatuta desberdina izan arren pandemiagatik".

Hemeretzigarrenez ospatu dute herrian Klarinete Maratoia, eta Sapere Aude Sinfonietta musika elkartea gustura da emaitzarekin, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez. Aurtengo edizioa "guztiz positiboa" izan dela azpimarratu du elkarteak, "aurreko urteetakoekin alderatuta desberdina izan den arren pandemiagatik". Beste esparru askotan bezala, egitasmo honetan ere egokitzapenak egin behar izan ditu elkarteak: "Begi-bistan dago gizartearentzat behar-beharrezkoak diren kultur jarduerak nola egin birpentsatu eta ikasi egin behar dugula".

Hala, bi txandatan banatuta hartu dute parte edizio honetako 40 ikasleek. Aurrenekoek azaroan egin zuten jarduera, eta bigarrenekoek otsail amaieran. Musikari zumaiarrez gain, Bilbokoak, Gasteizkoak eta Lakuntzakoak ere izan dituzte.

Ohi bezala izan dira kontzertuak eta lehiaketa ere, baina aurtengoan ikasleen kontzertuak publikorik gabe egin dituzte.

Eskolak, kontzertuak eta lehiaketa

Eskolak aurrez aurre eta on-line jaso dituzte klarinete-jotzaileek. Esaterako, podcast-ak sortu zituzten klarineteko edukiekin, eta Klarinete Maratoiko egunetatik kanpo erabili ahal izateko aparteko materiala ere ikasleen eskura jarri zuten. "Paul Harris pedagogo handiaren eta Yehuda Gilad maisuari egindako
elkarrizketak eskuratzeko aukera izan dute, esaterako. Mundu mailan punta-puntako maisuak dira; bata Londresen bizi da, eta bestea AEBko Los Angeles hirian”.

Ohi bezala, kontzertuak ere eskaini dituzte maratoiaren barruan, Komentuan. “Azaroan klarinete eta pianorako errepertorioa zuen Kontzertu Iruzkindua izan genuen Carlos Casado eta Javier Perez de Azpeitiaren eskutik, eta oso arrakastatsua izan zen. Baita gure elkartekoek eskainitako Beethoven-Brahms-Glinka kontzertua ere. Otsailak 21ean izan zen hori, eta Euskadiko Orkestrako eta Orkestra Nazionaleko kideak egon ziren tartean".

Ikasleek ere eskaini zituzten kontzertuak, baina horiek publikorik gabe egin zituzten. Hori bai, grabatu
egin ziren eta esteka pribatu bidez ikusi ahal izango dute euren etxeetan.

Musika elkarteak jakinarazi du, halaber, zazpi laukotek parte hartu dutela "azken urteetan indarra hartzen" ari den lehiaketan. "Adinaren arabera, hiru mailatan aritu dira: 8-12 urte artekoak ,13-16 bitartekoak eta 17-20 urte bitartekoak. Bi sari Errenteria aldera joan ziren, eta hirugarrena Andoainera".