Elbira Zipitria gogoan izan du Foru Aldundiak

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 9a, 16:45

Elbira Zipitria Irastorzaren (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982) omenezko oroigarri bat inauguratu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak foru jauregiko ohorezko patioan.

Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldia izan zuten atzo aldundian, eta adierazpen instituzionala irakurri ondoren, Elbira Zipitria Irastorzaren omenezko oroigarri bat inauguratu dute foru jauregiko ohorezko patioan. Oroitzapenezko elementu horri Lurdes Umerez eskultoreak eraikitako lan bat gehituko zaio datozen hilabeteetan. Zipitriaren irudia ohoratzeaz gain, "Gipuzkoako eraikuntzan emakumeen ekarpena eta lidergoa aintzatestea" bilatzen dela azaldu du aldundiak. 

Elbira Zipitriaren ekarpena, Gipuzkoako beste zazpi emakumerenarekin batera, Gipuzkoako emakume aitzindariak erakusketan aztertzen da. Aldundiaren arkupeetan ikusgai izango den erakusketan Esther Ferrer (artista), Catalina de Erauso Perez de Galarraga (esploratzailea eta militarra), Ana Belen Juaristi Urdangarin (enpresaburua), Lourdes Iriondo Mujika (kantautorea), Begoña Amunarriz Olano (politikaria), Carmen Adarraga Elizaran (kirolaria) eta Idoia Ochoa Alvarez (ikertzailea) izango dira protagonista.