Zumaiako 33. Argazki Lehiaketa abian jarri dute udalak eta Distirak

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 7a, 10:12
Argazkia: Juan Luis Romatet

Zumaiako 33. Argazki Lehiaketa oinarriak ezagutzera eman dituzte Zumaiako Udalak eta Distira Zumaiako argazki elkarteak. Zuri-beltzezko lanei zuzendutako lehiaketa da, eta lanak aurkezteko epea ekainaren 1ean amaituko da. 

Juan Jose Azkueren oroimenezko lehiaketa antolatu dute aurten ere Zumaiako Udalak eta Distira argazki elkarteak. Zuri-beltzezko argazkiei zuzendutako lehiaketa da hau, eta Argizaiola lehiaketarako sailkapenerako baliagarria izango da. 

Hauek dira lehiaketako oinarriak:

1. Edoizein argazkizalek har dezake parte.

3. Modalitatea: artxibo digitalak. 

3. Parte-hartzaileko lau lan gehienez. Ezin izango da aurkeztu 2021/01/01 baino lehen lehiaketaren batean saritutako argazkirik.

4. Sekzioak: monokromoa. Gaia: librea.

5. Nola parte hartu:

Internet bidez. Izen-ematea, irudien bidalketa, eta parte hartzeko ordainketa www.distiraargazkielkartea.com/zumlehiaketa webgunearen bidez egingo dira, hango programa informatikoaren argibideei jarraituz.

Formatua: JPG. 1920 pixel alderik luzeenean, 71ppp-ko bereizmena. Kolore eremua sRGB izatea gomendatzen dugu. Artxiboek ezingo dute 1Mb baino handiagoa izan.

Horrez gain, artxibo bera eskatzen da bereizmen handian, erakusketarako hautatutako lanak inprimatu ahal izateko: JPG, 4000 pixel alderik luzeenean, 254ppp, sRGB kolore eremua edo bestela Adobe 1998.

6. Parte hartzeko ordainketa:

10 euro egileko, aurkeztutako argazki kopurua edozein dela ere. Ordainketa PayPal bidez egin beharko da, www.distiraargazkielkartea.com/zumlehiaketa webguneko inprimakitik, hango programa informatikoaren urratsei jarraituz.

7. Izen-emate epea: 2021eko ekainaren 1a.

8. Epaimahaia argazki munduko hiru pertsona adituk osatuko dute, eta haien erabakia aldaezina izango da. Erabakia 2021eko ekainaren 25ean emango da jakitera.

9. Sariak.

  • 1. saria: 500 euro eta XXXIII. lehiaketako argazki-katalogoa.
  • 2. saria: 300 euro.
  • 3. saria: 200 euro.
  • Lehen zumaiarrari saria: 250 euro.

Parte-hartzaileek ezingo dute sari bat baino gehiago eskuratu.

Dirutan jasotako sariei legez ezarritako atxikipenak egingo zaizkie.

10. Saritutako lanak Zumaiako Udalaren esku geratuko dira, eta honek argitalpen eta erreprodukzio eskubidea izango du, betiere egilearen izena aipatuta.

11. Erakusketa.

Ahalik eta hedapen handiena emateko, erakusketa bat antolatuko da Alondegia kultur etxean, epaimahaiak hautatutako 36 argazki onenekin, uztailaren 23tik abuztuaren 8ra, lanak 40x50 zm-ko markotan ipinita, egilearen izenarekin batera.

12. Katalogoa.

Erakusketarako hautatutako lanekin, katalogo bat egingo da, eta www.distiraargazkielkartea.com/zumlehiaketa webgunetik jaitsi ahal izango da. Katalogoko argazkietan irudi bakoitzaren egilearen izena agertuko da.