Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugen barruan mugitzeko aukera izango da asteartetik aurrera

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 5a, 19:30

Gainontzeko neurri murriztaileek indarrean jarraituko dute, hau da, eutsi egingo zaio 22:00etatik 06:00etara arteko etxeratze aginduari, gehienez lau laguneko taldeetan biltzeko mugari, tabernak 20:00etarako itxi beharko dituzte ateak eta merkataritza eta kultura jarduerak 21:00etarako bukatu beharko dute. Eusko Jaurlaritzak astelehenean argitaratu du dekretu berria, eta hark jasotzen dituen neurriak asteartean sartuko dira indarrean. Gutxienez beste hogei bat egunean neurri horiek egongo dira indarrean. 

Gaur arratsaldean bildu da Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen (Labi) batzorde teknikoa, eta COVID-19ari aurre egiteko neurri murriztaileak zertxobait arintzea erabaki du. Hala, asteartetik aurrera indargabetu egingo da udalerrien itxiera perimetrala, eta herritarrak libre mugitu ahal izango dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugen barruan. Gainontzeko neurri murriztaileek indarrean jarraituko dute gutxienez beste hogei egunez. Hau da, galarazita egongo da 22:00etatik 06:00etara bitartean kalean ibiltzea, lau lagun baino gehiagoko taldeetan biltzea, tabernek 20:00etarako itxi beharko dituzte ateak, eta merkataritza eta kultur jarduerek 21:00ak baino lehen bukatu beharko dute. Eusko Jaurlaritzak astelehenean argitaratuko du neurri guztiak zehazten dituen dekretua, eta asteartean sartuko dira indarrean. 

Horrez gain, Jaurlaritzak utzi egingo dio 500eko intzidentzia tasa neurgailu gisa erabiltzeari. Orain arte, kopuru hori hartzen zuen erreferentziatzat zenbait herritan neurri are murriztaileagoa ezartzeko. Ondorioz, 500eko muga gainditzen zuten udalerrietan, taldeko kirola eta eskola kirola debekatu egiten zituen, eta orain dela gutxira arte ostalaritza guneek ere ateak itxi behar izaten zituzten. Aurrerantzean, ordea, Jaurlaritzak ez du erabailiko neurgailu hori, ez duelako beharrezko ikusten. Izan ere, uneotan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru udalerrik bakarrik gainditzen dute 500eko intzidentzia tasa.

Neurriak gehiago malgutzeko egoera epidemiologikoak hobera egin beharko duela azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta zenbaki bat errepikatu du behin eta berriz: 100.000 biztanleko hamalau eguneko 60 kasuko intzidentzia tasa. Kopuru horretara iristea jarri du helburutzat.

Jaurlaritzak astelehenean argitaratuko duen dekretuak beste neurri batzuk ere egokituta jasoko dituela azaldu du Urkulluk, batez ere, lan eskaintza publikoen eta aire libreko jardueren ingurukoak. Egokitzapen horiek zeintzuk izango diren, ordea, ez du zehaztu.