Udal elkarteak sukaldeko olioa biltzeko edukiontzi berriak jarri ditu

IƱigo Gaiton 2021ko mar. 4a, 19:25

Sukaldeko olioa ere "egoki kudeatu beharreko hondakina" da Urola Kostako Udal Elkartearentzat, eta horregatik, 2002an ematen hasi ziren zerbitzua indartzea erabaki dute.

Sukaldean erabilitako olioa biltzeko edukiontzi berriak jarri ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. 2002an jarri zuten martxan etxean erabilitako olioa birziklatzeko zerbitzua, eta emandako datuen arabera, 687,72 tona olio bildu dituzte ordutik. Orain, zerbitzua indartzearen aldeko apustua egin eta gero, eskualdeko bost udalerritako 36 edukiontziak berritzeaz gain 20 berri ere jarri dituzte.

Olioa laranja koloreko edukiontzietan soilik jasoko dutela ere ekarri du gogora Ukuek. Horretarako, plastikozko edo brit motako ontzian ondo itxita utzi beharko da edukiontzian. Udal elkarteak azpimarratu du olioa modu soltean botatzea debekatuta dagoela, eta ezin dela etxekoa ibilgailuen olioarekin edo bestelako likidoekin nahastu.