Parte hartze eredua diseinatzeko prozesua abiatuko du Zumaiako Udalak

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 4a, 18:00

Hainbat parte hartze prozesu abiatu ditu Zumaiako Udalak azken agintaldietan. Partaidetza sustatzeko eredu diseinatzeko plangintza abiatu du orain udalak. Martxoan hasiko dute lanketa, eta uztailean amaitzea espero dute. 

Emun aholkularitzaren bitartez diseinatuko du Zumaiako Udalak eredu hau, eta hein handi batean udal barruan egingo da lanketa, nahiz eta herritar batzuek izango duten bertan parte hartzeko aukera, Maider Alberdi zinegotziak esandakoaren arabera.   

"Ez da orain hasitako bidea. Parte hartze prozesu desberdinak egin dira, baina ez dute norabide jakin bat izan", azaldu du Alberdik. Sistema hau pertsona guztien beharrei erantzutera datorrela ere gaineratu du. Ereduaren helburuak "herritarrei modu sakonagoan erantzutea, udaleko sail guztietan praktika hau sustatzea, eta kanalak eratzea" dela ere azpimarratu du.

Ereduaren diseinuak hiru fase izango dituela ere aipatu du Alberdik. "Zumaiako egoera diagnostikoa egingo da, eta horretarako saio bat egingo da udaleko politikariekin eta teknikariekin. Herritarren iritziak ere txertatuko dira hemen". Bigarren fasean eredua sortzeko saioak egingo dituzte, eta hirugarrenean aurrekontuak osatzeko eredua osatuko dute. Ondo bidean, 2022ko udal aurrekontuen proposamena idazteko eredua abian izango da. 

Prozesuan zehar sortutako dokumentuak udalaren partaidetzako webgunera igoko dituztela azaldu du zinegotziak, eta herritarrek beraien iritziak emateko kanalak ere zabalduko dituzte. Hala, udaletxeko telefonora deitu ahal izango dute (943-86 50 25), edo berdintasuna@zumaia.eus helbidera idatzi.