"Martxoaren 3ko heriotzetatik bi egunera, eskatzen genuen guztia onartu ziguten"

Argia.eus | Miel Anjel Elustondo 2021ko mar. 3a, 17:10
Argazkia: Zaldi Ero.

Forjas Alavesas-en doitzaile sartu zen Tomás Etxabe. Langileen iraultza zuen amets, eta xede horrexen bila abiatu zen beste zenbait kiderekin batean. 1976ko urtearen hasieraz gero, grebara jo zuten sei mila langilek Gasteizen, eta mugimendu haren gidarietakoa izan zen Etxabe. Argia hedabiderako luze eta zabal elkarrizketatu du Miel Anjel Elustondo kazetariak.

Tomás Etxabe Arakistain 1949)an jasio zen Zumaian, Bitarte-zahar baserrian, mekanika ikasketak egin eta herrian bertan lan egin zuen, Gasteiza baino lehen. Forjas Alavesas lantegian hasi zen lanean, eta bertako eta Gasteizko langile mugimenduaren erreferentzia nagusietakoa izan zen. Handik urteetara gaixotu, iraganarekin eten eta jaioterrira itzuli zen andrearekin batera. Baina berrogeitaka urte igaro eta gero ere, haren izenaren oihartzuna bizirik da Gasteizko langileen artean, Imanol Olabarria, Jesús Fernández Naves eta besterekin batera.

[...]

1976ko greba haiek eta gero ere Forjas Alavesas fabrikan segitu zenuen lanean?!

Bai. Martxoaren 3ko greba eta gero, sei hilabete egin nituen ihesean. Baina, ondoren, bertara itzuli nintzen.

Langile buruetakoa zinen…

Esateko modu bat da, “buruetakoa”.

"Gizona azkar beldurtzen zen etxean. Berak eramaten zuen dirua, eta eramaten ez bazuen, zer? Emakumeak bestela esan zuen: “Eutsiko diogu, patatak janez bada ere! Eutsi”. Eta horrelaxe izan zen”

Esan nahi dut, beste zenbait buru edo lider, Imanol Olabarria edota hil berri den Jesús Fernández Naves, poliziak harrapatu eta Carabanchelen eduki zituztela...

Martxoaren 3koaz gero ere, haiek beren buruak erakustea erabaki zuten. Nik, berriz, ezkutatzea. Aldi bateko bazen ere… Oraintxe ari naiz gogoratzen… Zeuk dauzkazu kulpak! Kakotx artean esanda, beti ere. Greba eta berehala, ezkutatuta nengoela, auto baten maletategian sartu eta Forjasen izan nintzen, asanblean parte hartzen. Fabrikako sarrerako zaindaria jendea kontrolatzen ari zen, gidaria ezagutu eta sartzen utzi zuen auto eta guzti, ohi bezala. Eta ni maletategian! Autoa aparkatu zuenean, handik atera nintzen eta asanblean hitz egin nuen, gertatuak gertatu, aurrera egin behar zela esanez, animoak ematen eta. Gero, atzera autoaren maletategian sartu eta kanpora.

Barrua behar du!

Barrua ez, konbikzioa! Gogoan dut poliziak tiroka eraso zion arratsalde hartan, zauritu bat autoan sartu eta Santiago ospitalera eraman nuela. Forjaseko langilea zen. Bala zeukan barruan! Boveda zuen deitura, errioxarra. Ondo atera zen… Ikaratzekoa zen egoera, bai, eta beharbada horrexegatik esan nien lantegiko kideei barrura sartuko nintzela, ezkutuan bazen ere, eta hitz egingo nuela. Eta esan eta egin: batzarrean azaldu nintzen eta langileen aurrean hitz egin nuen. Ez dakit zer esan nuen, aurrera jarraitu behar zela besterik.

Irakurri elkarrizketa osorik Argia.eus atarian.