Proposamen berriekin dator 'Zumaia Sasoian' ekimena, asteburutik aurrera

Baleike 2021ko mar. 3a, 17:04

Herri lasterketa edota Lilatoia bertan behera gelditu diren arren, herritarren aisialdi aktiboa sustatzeko proposamen berriekin dator 'Zumaia Sasoian' ekimena. 

Erronkek Gabonetan izan zuen harrera ona ikusita, Zumaiako Udalak eta Kirol Patronatuak erabaki dute udaberri partean ere segida ematea Zumaia Sasoian ekimenari. Oraingoan kirol jarduera gidatuak eskainiko dira astebururo, martxoaren 6an hasi eta maiatzaren 9ra arte. Oinezko ibilaldiez gain, oraingoan korrika egiteko entrenamendu proposamenak egingo dira, hasiberrientzat zein maila garatuagokoentzat. Gainera, parte hartzen dutenen artean 50 euroko 40 erosketa bono zozkatuko dira.

Bigarren aldi honetara Emakumeon* Etxea elkarteko kideak ere batu dira, “emakumeen parte hartzeari indar berezia eman, eta Lilatoi birtualean parte hartzera gonbidatzeko”. Horrez gain, Gaindituz enpresak prestatu ditu entrenamenduak, eta oraingoan ere Baleikerekin elkarlanean arituko dira. Ekintzak, entrenamendu proposamenak eta informazio guztia zumaiasasoian.eus webgunean argitaratuko dira.

Gaur egun kirola banaka (edo bizikidetza unitate berdineko kideekin), edota gehienez sei pertsonako taldeetan egin daiteke, betiere distantziak mantenduz eta maskara jantzita. Hori horrela izanik, egungo mugak kontutan hartuta, ondoko jarduerak proposatuko zaizkie herritarrei: oinezko ibilaldiak eta entrenamendu proposamenak. Oraingoan jarduerak gidatuak izango dira, eta hiru ariketa mota proposatuko dira:

  • Oinezko ibilaldia: oinezko jarduera egiteko ibilbide bat proposatuko da.

  • Korrika egiteko oinarrizko entrenamendua: Korrika egiteko ohiturarik ez dutenentzat egokitutako proposamena izango da. Oinez ibiltzea eta korrika egiteko momentuak uztartuz, korrika egiteak dakartzan onurak ezagutzea eta barneratzea izango du helburu.

  • Korrika egiteko entrenamendu garatua: Gaur egun korrika egiten dutenei bideratutako entrenamendua izango da. Entrenamendu mota ezberdinak ezagutzea da helburua.

Ibilaldi eta entrenamendu proposamenez gain, jarduera fisikoa osatzeko eta lesioak ekiditeko ariketak proposatuko dira. Etxean edonork erraz egiteko moduko ariketak izango dira,  korrika egiten hasi aurretik ondo berotzen ikasteko, amaitutakoan luzaketak behar bezala egiteko edota gorputza prestatzeko aholku osagarriekin. Bideoak sortu ahala zumaiasasoian.eus webgunean argitaratuko dira.