“Neskek barneratu behar dute kontzienteki kirola beraien identitateko parte dela”

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 3a, 15:45
Argazkia: Juan Luis Romatet.

Emakumeen partaidetza egonkortu eta hobetzeko lanketa hasi du Pulpo Eskubaloiak. EHUko irakasle eta Kirolaren Psikologian aditu Ainhoa Azurmendi Etxegarai (Hernani, 1978) izango du klubak aholkulari.

EHUko irakaslea da Ainhoa Azurmendi Etxegarai, eta Euskadiko Eskubaloi Federazioko aholkularia ere bada 2021. urte hasieratik.

Pulpok emakumeen parte-hartzea egonkortzeko abiatu duen lanketa gidatuko duzu. Nola sortzen da kolaborazio hau?
Pulpok duen ardura batetik. Ez da oraingo gauza; urte batzuk badoaz nesken partaidetza mantentzea garrantzitsua ikusten duela. Orain dela bi urte pauso handi bat eman zuten, emakumeen senior mailako taldea berriro atera zutenean. Hortik aurrera saiatu dira klub barruan ekintza batzuk egiten, nesken partaidetza mantentzeko. Egia da txikitan nesken parte hartze handia dagoela, baina ikusten dute adinean aurrera egin ahala utzi egiten dutela. Arlo honetan egiten dut lan, eta nirekin harremanetan jarri ziren. Ikusi zuten, baita ere, Euskadiko Federazioan ere laguntzen nabilela. Etxe ondoan izanda, nirekin hitz egin zuten.

Oker ez banago, Pulpok neska gehiago ditu mutilak baino maila txikietan. Gero, baina, neskek azkarrago uzten dute kirola.
Hala da. Batez ere, kadete mailatik aurrera joaten dira uzten; kadeteetan hasten da beherakada, eta hortik aurrera bistakoa da. Beraien interesa da jokalari talde hori klubean mantentzea, eta jakin nahi dute zer pauso eman behar dituen helburu hori lortzeko. Ulertzen dute neskek beste kirol batzuetan ere utzi egiten dutela; beste ekintza batzuk egiten dituzte, beste lehentasun batzuk hartzen dituzte bizitzan. Baina, nolabait, bermatu nahi da uztartu daitekeela bizitza eta kirola. Ni neu berandura arte egon naiz kirola egiten, eta ez da oztopoa izan beste mila gauza egiteko.

Eta zer egin daiteke hori lortzeko?
Nik uste klubek beraiek uste baino gehiago egiten dutela, baina segurtasun gabezia dute: ea ondo ari diren lanean, ea oraindik eta gehiago egin dezaketen. Esan nien gauza guztiak ez daudela kluben menpe. Hein batean bai: eskaintza nola ematen duzun, zer kalitate duen... Horrek badu eragina kirolari bat klubeko kide izatean. Baina dena ez dago kluben menpe; gizartean mugitzen diren estimuluak handiagoak dira. Ikasketak direla, lagunek egon nahi dutela… Baina horiek beste kirolariek ere egiten dituzte. Egia da txikitatik etxeetan barneratu zaiela mutilei kirola hor dutela, ikasketetan nota txarrak atera ere; neskak, berriz, jakitun dira ez direla profesionalak izango. Kluben aldetik klabea da neskei adieraztea mutilei adinako garrantzia ematen dietela. Eta batez ere oso garrantzitsua da ereduak izatea; hori da gaur egun gehien falta dena. Baita, bilatu behar da neskek ere teknikari kualifikatuak izatea. Saiakera hori egiten dute, baina zaila da teknikariak izatea klub bateko maila guztietan. Neskek barneratu behar dute kontzienteki kirola beraien identitateko parte dela, eta ez beraien bizitzako parte txiki batean egingo dutena. 

Oraindik ere pentsatzen da kirola gizonezkoen kontua dela…
Bai, tamalez ematen du duela 30 urteko diskurtsoarekin gaudela. Gehienbat estetikarekin lotutako diskurtsoa da. Horregatik da garrantzitsua eredu gero eta anitzagoak izatea adin guztietan, eta jabekuntza kontziente bat izatea. Txikitatik konturatzea zer garrantzitsua den bakoitzaren gorputza, tresna bezala, bizitza honetan egoteko. Bizi garenetik lehen tresna gorputza da, eta horrekin harremantzen gara gure inguru guztiarekin. Kirolak ematen dituen segurtasuna, autoestimua, gauza horiek guztiak neskei ez zaizkie transmititu. Mutilek, agian, mezu hori jaso dute kirola egiten duten bitartean, kirola beraien espazioa izan delako. 

Oraindik ere maskulinotasun hegemonikotik erresistentzia handiak daude. Begiratu zer gertatzen ari den transen legearekin. Esaten da estereotipotasunekin apurtu dela, baina, historian zehar posturak muturretarako eramaten diren unea daude. Posizioak eraman dira, eta beldurrak azaleratu dira dira: gizonak sartuko direla emakumeen kategorian, tranpa egingo dutela. Beldurra dago horren atzean. Baina, zeri beldurra?

Akaso emakumezko kirolaren profesionalizazioak lagunduko luke berdintasun batera heldu ahal izateko?
Oso zaila da profesionala izatea kirolan. Normalean goi mailako kirolaz hitz egiten dugunean, kirol modalitate guztiez batera hitz egiten dugu. Baina dena ez da berdina. Eskubaloian emakumeek atzerrira joan behar dute profesional izateko, hemen oraindik ez dago eta liga profesional bat; kluben borondatearen menpe dago. Zumaian ere baditugu goi mailako kirolariak, piraguistak-eta, eta horiek profesional izatea ez dute erraza. Gero, futbola dugu. Ez da kontua emakumeek gizonek adina kobratzea; agian mutilek ez lukete hainbeste kobratu behar. Nik uste emakumeek baldintza duinak izan behar dituztela, futbola izateko beraien diru sarrera nagusia. Realak Erreginaren Kopa irabazi ondoren, klub barruan apustu handia egin zuten, eta emakumezkoen egitura guztia handitu zuten. Baliabide aldetik hobekuntza egon da, eta hori da garrantzitsua. Gipuzkoa mailako neskentzak oso garrantzitsua da hori. 

Euskadiko Eskubaloi Federazioarekin ere lanean zabiltza.
Federazioan zeharka sartu nahi dute berdintasuna egitura guztian. Federazioaren kulturaren parte izango den zerbait utzi nahi du egungo zuzendaritzak, eta oso garbi dute euskara eta berdintasuna zeharkako bi lerro izango direla lau urte hauetan. Orain arte ez da galderarik egin. Zergatik daude emakumezko hain entrenatzaile gutxi? Zergatik hain epaile gutxi? Gu ez gaude prest esateko etorriko direla; ez da denbora kontu bat. Guk egin dezakegu zerbait egoera hori hobetzeko? Hainbat kontu daude... 

Emakumezkoen kirolak gero eta ikusgaitasun gehiago du. Baina, zein uste duzu dela bere egoera? Zer bilakaera izan du?
Aurrerapauso handiak eman dira, baina ez naiz horrekin konformatzen. Beti hitz egiten da denboraz, baina dugun kirol legea 2005ekoa da, eta hark dio administrazio publikoak ezin duela diruz lagundu diskriminatzen duen kirol jarduerarik. Hori ez da aplikatzen. Ematen du abiatzen diren gudak indibidualak direla beti, eta horregatik diot kontzientzia denok izan behar dugula, justizia kontu bat delako. Gero, baita ere, jakin behar da aldarrikapen batzuk non egin behar diren. Orduan, hobetzen ari gara, baina legearen aplikazioa eta emakumezko beraien kontzientziazioa falta dira, baita kluben barruan ere. Klubetan tresnak behar dituzte gauzak aldatzeko, eta horretarako erakunde publikoetatik ere lagundu behar zaie. Dagoen legedia bete ahal izateko ere gogorragoak izan beharko lukete agintariek. Oraindik oso urruti gaude. Asko falta da oraindik eta kontzienteki egin behar dugu lanketa. 

Lanketa hau justiziagatik egin behar da, bana baita zoriontasunagatik ere, neska-mutilentzako, denentzako, ona delako. Neskek txikitatik hori barneratzen badute eta ikusten badute klub batean benetan interesa dagoela beraiek klubean bertan geratzeko, hori positiboa da. Eta identitate kontua ere badago: nik eskubaloian bizi izan dudana, nirekin joango da. Sentimentu pila bat bizi izan ditut nik eskubaloian: txarrak, onak, bizipen pila bat. Norberak gustukoa duen zerbaitetan potentzialitatea bilatzea, txikitatik erakutsi behar diguten zerbait da.