Bihar zabalduko da udalekuetan lan egiteko eskabideak aurkezteko epea

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 1a, 12:01

Dena ondo bidean, uda honetan haurrei zuzendutako udaleku irekiak egingo dira Zumaian. Udaleku horietan lan egin nahi duten koordinatzaile eta begiraleek bihartik aurrera izango dute eskabideak aurkezteko aukera. 

Osasun egoerak bestelakorik esaten ez badu, behintzat, udaleku irekiak egingo dira uztailean Zumaian. Jarduera horietan lan egiteko koordinatzaileak eta begiraleak kontratatuko ditu Udalak. Interesdunek bihartik martxoaren 30era bitartean izango dute izenak emateko aukera, udaletxean zein modu telematikoan.
 
Postu bakoitzerako zerrenda bat osatuko du udalak. Bi postuetarako hautagai izan nahi dutenek bi zerrendetarako aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Hemen aurki daiteke begiraleen lan eskaintzaren inguruko informazioa, eta hemen koordinatzaileena.
 

Lan hauek burutu ahal izateko ezinbestekoa izango da 18 urteak beteta izatea, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako tituluaren jabe izatea. Hautagaiek ezingo dute funtzioak behar bezala betetzea eragotzi dezakeen gaixotasunik nahiz muga fisiko edo psikikorik; euskara ulertu eta ondo hitz egin beharko dute, eta izaera sexualeko delituengatik aurrekari penalik ezingo dute izan. Koordinatzaile postuetarako hautagaiek, bestalde, denbora libreko begirale titulua  izan beharko dute. 

3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude udalekueka, eta "espazio ludikoa eskaini eta horiekin balioak lantzea" dute helburu, hala nola, "euskararen sustapena, autonomia pertsonala, berdintasuna edota elkarbizitza".