Marc Brustengak eskuratu du XIII. Zumaia Saria

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 27a, 17:30

Bigarren sailkatu da Nahuel O`Daquila, eta hirugarren Pau Miquel. Azken unera arte lehia bizia izan dute lasterkariek, eta esprintean igaro dute Zumaiena pareko helmuga. 

Gaur, larunbata, eman diote hasiera Hego Euskal Herriko errepideko denboraldiari, Zumaian jokatu den lasterketarekin. Hain zuzen ere, XIII. Zumaia Saria izan da jokoan: elite eta 23 urtez azpiko mailakoek 112 kilometroko ibilbidea osatu dute, GKN pareko zubitik abiatuta.

Bi ordu eta erdi beranduago iritsi dira lehen txirrindulariak Zumaiena parera. Azken unera arte ezin izan da irabazlearen izena jakin, eta esprintean igaro dute helmuga. Marc Brustenga Caja Ruraleko txirrindularia izan da helmuga igarotzen lehena, bigarren sailkatu da Netllar taldeko Nahuel O`Daquila, eta hirugarren Lizarteko Pau Miquel. Taldekako sailkapenean, berriz, Lizarte izan da nagusi. Telco eta Caja Rural izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 

Euskal taldeetaz gain, Kataluniatik, Valentziatik, Gaztelatik etorritako txirrindulariak ere lehiatu dira gaurkoan. Guztira, 199 txirrindulari izan dira Zumaia eta inguruko errepideetan lasterketan parte hartzen. 

Junior eta kadeteak, bihar

Afizionatuen mailako denboraldiari hasiera eman ondoren, junior eta kadete mailako probak jokatuko dira bihar. Juniorrek, ohi bezala, Eibarren hasiko dute denboraldia. Lasterketa benetan gogorra izango da. Zumaiako Txirrindulari Elkarteko sei txirrindulari izango dira aurten junior mailan: bigarren urtea osatuko duten lau (Kimetz Etxabe, Aitor Agirre, Ander Altuna eta Enaitz Garai) eta lehen urteko bi (Aritz Eizagirre eta Heiko Mateos).

Kadeteek, berriz, Donostiako Zuatzu industrialdean hasiko dute denboraldia, 3,5 kilometroko bakarkako erlojuaren aurkako saioarekin. Kadete mailan lau txirrindularik osatuko dute Viveros San Anton-Mardu Zumaiako taldea: Andde Etxaniz eta Mattin Salegi bigarren urtekoak, eta Anuk Gogenola eta Lizar Tolosa lehen urtekoak.