Sahararen askatasuna aldarrikatzeko kalera atera dira zumaiarrak

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 27a, 15:45

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 45. urteurrena da gaur. Mendebaldeko Sahararen aldarrikapenekin bat egin eta elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea deitu du Darahlik. Zumaiar ugari batu da deialdira.

Gaur, larunbata, 45 urte bete dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik. Aldarrikapen horrekin bat egin eta Mendebaldeko Sahararekiko elkartasunez, elkarretaratzea izan da eguerdian Saregileen plazan. Herritar ugarik egin du bat Darahliren deialdiarekin. 

Hain zuzen ere, Mendebaldeko Saharak estatu berri baten oinarriak ezarri zituen duela 45 urte, Espainiak Marokori eta Mauritaniari lurraldea entregatu ondoren. Darahliren ustez, babesa behar du Mendebaldeko Saharak: "Inoiz baino gehiago behar du elkartasuna, 2020ko azaroaren 13an gerra-egoera deklaratu ondoren, Marokoko armadak Guerguerateko legez kanpoko arrakalan su-etena urratzearen ondorioz bizi duen egoera larriaren aurrean".

Gogorarazi nahi izan dute saharar herriak bide baketsua erakutsi duela 1991tik, eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa onartu dutela 80 estatuk baino gehiagok. "Hala eta guztiz, hori ez da nahikoa izan, eta Marokok status quo-ari etekina ateratzen jarraitu du. Gaur egun, 200.000 saharar baino gehiago aurkitzen dira erbestean; Saharar Errefuxiatuen kanpamenduetan bizitzera deserritu ditu Marokok, Aljeriako Tinduf hiritik gertu. Erregimen militar baten menpe jarri ditu Mendebaldeko Sahararen okupazioari aurre egiten dioten sahararrak, beren eskubideak sistematikoki urratuz autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatzeagatik". 

"Gerra hau saharar herriari inposatutako gerra da, nazioarteko komunitatearen pasibotasuna eta Espainiako Estatuaren arduragabekeria direla eta", gaineratu dute.