Azken orduetan 394 positibo baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 27a, 13:21

Atzoko emaitzetako positibotasun tasa %4,9koa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %2,4koa Nafarroan. 394 lagunek eman dute positibo azken orduetan Hego Euskal Herrian, duela astebete baino 151 gutxiagok.

Atzo, ostirala, koronabirusa atzemateko 9.586 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian –7.692 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 1.894 Nafarroan–. Emaitzetako positibotasun tasa %2,4koa izan zen Nafarroan eta %4,9koa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hain zuzen, 45 kasu positibo zenbatu dituzte Nafarroan, 71 Araban, 181 Bizkaian eta 86 Gipuzkoan –eta 11 beste erkidego edo toki batzuetan.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak astelehean jakinaraziko dituzte herri bakoitzeko datu zehatzak.

Aurreko larunbatean, otsailak 20, argitaratu zituzten datuei erreparatuta, astebetean behera egin du baieztatutako kasu positiboen kopuruak. Otsailaren 19an egindako PCR eta antigeno probetan 545 positibo detektatu zituzten Hego Euskal Herrian, atzoko probetan baino 151 gehiago. Positibotasun tasa ere jaitsi egin da aurreko astetik, %5ekoa baitzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %3,6koa Nafarroan.

Erietxeetako egoerari dagokionez, Osakidetzan 57 pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Gaur-gaurkoz, COVID-19a dela-eta, 123 pertsona daude Zainketa Intentsibo Unitateetan.