Kasurik ez zen izan atzo Zumaian, eta intzidentzia tasa 162 puntura jaitsi da

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 26a, 14:11

Beheranzko joera hartu du intzidentzia tasak Zumaian. Atzo ez zuen kasurik zenbatu Osakidetzak herrian. Eremu horian jarraitzen dute 5.000 biztanletik gorako Urola Kostako herri guztiek. Oso pixkanaka bada ere, badirudi ospitaleetako egoera ere baretzen ari dela.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi berri ditu atzo COVID-19aren bueltako datu eguneratuak eta eskualdean, guztira, zortzi positibo berri atzeman zituzten atzo. Duela astebete egun berean bederatzi kasu atzeman zituzten guztira, beraz, mantentzera egin dute egunez egun atzematen diren positibo kopuruek, eskualdeari dagokionean bederen. Azken egunetan ez da aldaketa handirik izan herriz herriko koloreetan, eta horian jarraitzen dute herri guztiek; horrez gain, momentuz urrun daude eremu laranjara igarotzetik.

Zumaian lau kasu detektatu ditu Osasun Sailak azken zazpi egunetan: bana astelehenean eta asteartean, eta bi asteazkenean. Ondorioz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuak jasotzen dituen tasak beheranzko joeran jarraitzen du. 162,82 puntuko tasa zuen atzo Zumaiak.

Zortzi kasu horietatik erdiak Zarautzen atzeman dituzte, baina hala ere jaitsi egin da herri horretako intzidentzia tasa apur bat (162,76koa da gaur, eta 175,61ekoa zen atzo). Gainontzeko kasuak Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Getarian hauteman zituzten atzo; bakoitzean bana. Intzidentzia tasa igo egin da apur bat Azkoitian, baina oso baxua izaten jarraitzen du (66,76tik 75,11ra igo da). Azpeitian behera egiten jarraitzen du tasak egunez egun, pixkanaka bada ere (170,83tik 164,26ra jaitsi da orangoan) eta Orion, berriz, mantendu egin da kopurua atzotik gaurrera (179 bueltakoa da). Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez zuten kasu positibo berririk atzeman atzo.

500 kasutik behera

Osakidetzak eta Osasunbideak argitaratutako datuen arabera, atzokoan guztira 9.153 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 418k eman zuten positibo. Datu horien arabera, positibotasun tasa %4,9koa izan zen atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %3,2koa Nafarroan. Atzemandako 418 kasuetatik gehienak Bizkaian atzeman zituzten atzo ere: 218. 88 Gipuzkoan hauteman zituzten, Araban 59 eta Nafarroan 50.

Erietxeetako egoerari dagokionean, 45 pertsona ospitaleratu zituzten atzokoan eta, denera, 313 lagun daude ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietako 126 daude Zainketa Intentsiboen Unitatean. Oso apurka bada ere, beheraka doa ZIUn dauden gaixoen kopurua ere, duela astebete 144 gaixo baitzeuden han.