Asteburuetan, xakea aire zabalean

Onintza Lete Arrieta 2021ko ots. 28a, 09:00

Kabi xake taldekoek ezin izan dute beren egoitza erabili azken hilabeteetan pandemiagatik, eta horregatik, kalera ateratzea bururatu zaie. Aurreko igande eguerdian egin zuten juntadizoa Gernika parkean, eta asteburu honetan ere gauza bera egingo dute ateri bada.

Beheko Plaza Elkartearen goian du lokala Kabi xake taldeak. Pandemia iritsi aurretik, han elkartzen ziren taldekoak, eta ostiraletan zabalik egoten zen umeentzat. "Itxita jarraitzen duenez, hasi gara igandeetan Gernika parkean gelditzen", azaldu du Kepa Aizpuruak. "Nahi duena etortzen da, jolasten du, eta pasieran jendea ibiltzen denez, askok ikusten gaituzte", esan du.

Aizpuruak jendea animatu nahi du parte hartzera asteburuetako xake partida horietan. Bi mahai daude, eta lau xake taula eramaten dituzte, mahai bakoitzean bina partida jokatu ahal izateko. Aldi berean zortzi pertsonek jolastu dezakete, beraz. "Aspaldian jolastu ez duen batek agian errazago egingo du hemen, lokalera joan beharrean". Bitartean, taldekoek beraiek ere jokatzen dutela aitortu du: "Aspertu gara ordenagailuz jolasten, eta hau plan ona da igande eguerdi baterako".

Aurreko astean, berez larunbatean ziren elkartzekoak, baina haize zakarra zebilenez, igandera atzeratu zuten hitzordua. "Geure artean antolatu dugun zerbait da, ez dugu hitzordu ofizialik jartzeko asmorik", zehaztu du.

Taldean hamar lagun inguru dira, eta ligako partidetarako entrenatzeko erabiltzen dituzte aire zabaleko bilkura hauek.