Bikaintasun ziurtagiria lortu du Zumaiako Herri Eskolaren programazio alfabetatze proiektuak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 25a, 18:30
(Utzitakoa)

Urrian izan zen Kode Astea Europan, "programazioa eta alfabetatze digitala modu interesgarri eta entretenigarrian" lantzea duena helburu. Parte hartu zuten Urola Kostako ikastetxe publikoek ere, elkarrekin, eta bikaintasun ziurtagiria eskuratu du haien proiektu bateratuak.

Europan iazko urriaren 10etik 25era izan zen Kode Astea delakoa. Urtero egiten den ekimena da, eta “programazioa eta alfabetatze digitala modu interesgarri eta entretenigarrian” lantzea da helburu nagusia. Aurreko edizioetan dinamikara batu dira Urola Kostako hainbat ikastetxe publiko, baina oraingoan, elkarrekin hartu dute parte Zumaiako Herri Eskolak, Aizarnako Herri Eskolak, Arroako Eskolak, Aizarnazabalgo Basakaitz Eskolak, Getariako Iturzaeta Herri Eskolak, Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolak, Aiako Lardizabal Herri Eskolak, Zarauzko Orokieta Herri Eskolak, Errezilgo San Martin Eskolak, Orioko Zaragueta Herri Eskolak eta Zestoako Herri Eskolak.

“Ikastetxe guztiek elkarrekin lan egitea erabaki zuten”, azaldu dute arduradunek. “Eskola denen abiapuntua berdina ez bazen ere, elkarlanari esker, proiektu bateratu bat aurkeztu eta burutu zuten, bakoitzak bere errealitateari egokitutakoa”, xehatu dute.

Hala, Kode Astean “eskola guztietako ikasleek eraman zituzten aurrera” hamaika programazio proiektu; esaterako, “Beebotak martxan jartzea, Legoei bizitza ematea eta bideo jokoak diseinatzea”. Ikasturte honetan zehar garatuko dituzte proiektu horiek.

Eskualdeko ikastetxe publikoek bikaintasun ziurtagiria jaso dute programazio proiektu bateratu horri esker. “Lankidetza bide honetatik jarraitzeko ilusioari hauspoa emateko ere balio izan du”, adierazi dute.