Herri euskaldunetan 2005etik hona izandako migrazio erdalduna aztertu dute Euskara, bestela ez gara zikloan

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 25a, 15:13

Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloko bigarren saioan, herri euskaldunetan izandako migrazio erdalduna izan zuten hizpide Edurne Urrestarazu Garcia eta Enara Eizagirre Arandia antropologoen eskutik.

Migrazio erdalduna izan duen herria da Zumaia, bereziki XX. mendeko bigarren erditik aurrera. Gaztela eta Leondik eta Extremaduratik etorritako pertsonak eta familiak hartu zituen Zumaiak garai hartan. Alondegian atzo azaldutako ikerketa honetan, baina, 2005. urtetik hona herri euskaldunetan izandako migrazioa aztertu dute Urrestarazuk eta Eizagirrek.

2019ko urrian abiatutako ikerketa 2020ko otsailean amaitu zuten, eta 2005etik aurrera herri euskaldunetara gerturatutako pertsona hauek euskararekiko zer harreman izan zuten landu dute, beti ere migrante hauen jatorria kontuan hartuta. "Ez da gauza bera Guardiako pertsona bat Oriora etortzea, edo Peruko bat etortzea Oriora, azaldu zuen Urrestarazuk.

Orioko herria erabili zuen hizlariak adibide moduan, izan ere, ikerketa hau Euskal Herriko hamahiru herritan egin zuten –horietatik bederatzi arnasgune bezala jo daitezke–, eta Orio izan zen aukeratutako herrietako bat. Eskualde mailan, Azpeitian ere egin zuten ikerketa. 

Azterketa hau egiteko 23 lagun elkarrizketatu zituzten: jatorri afrikarreko lau lagun, latinamerikar jatorriko 11, eta asiar eta europar jatorriko bina lagun. Lau adituei egindako elkarrizketak ere gehitu zituzten. Elkarrizketatuak 18 urtetik gorakoak izan ziren –ez zuten nahi euskararekin harreman handiegirik izatea, eta ikasketak euskaraz egindako lagunak ikerketatik kanpo utzi zituzten–, eta ahal izanez gero gaztelera hizkuntza ofiziala zen herrialdeetakoak izatea nahi zuten, hemengo egoerarekin paralelismoa egiteko. 

Ikerketa egiterako orduan aldagai desberdinak erabili zituztela azaldu zuten Urrestarazuk eta Eizagirrek: jatorria, giza harremanak eta haurrak dituzten edo ez, besteak beste. Elkarrizketatutako migranteak hiru perfiletan, hiru taldetan banatu zituzten: Urrunak, Aktobiagoak eta Asebeteak. Euskara ikasten ari diren seme-alabarik ez duten, eta etorkizunera begira beraien bizi-proiektuan herrialde euskaldun horretan jarraitzea aurreikusten ez duten pertsonak kontsideratu zituzten urrunak. Aktiboagoak, berriz, euskara ikasteko prozesua martxan duten edo euskara ikasteko asmoa duten pertsonak dira; pertsona euskaldunekin harreman sare trinkoagoa dute, eta kasu batzuetan bikotea ere euskalduna da. Asebeteak, aldiz, euskarari abantailak aurkitu bai (lanean, umeekin...), baina euskara ikasteko asmorik ez duten migranteak dira, ikerketaren egileen arabera. 

Bitxikeria modian, azterketaren arabera, perfil bakoitzean aurki zitekeen euskara ikasteko saiakeraren bat egindako norbait. 

Harreman sareak, etorkizunerako asmoak, umeak eta lana jo zituzten ikertzaileek migranteak euskarara hurreratzeko faktore nagusi bezala. Umeei dagokionez, seme-alabak euskaraz ikasten egoteak bultzatzen ditu gurasoak euskaraz aritu nahi izatera, edo euskara ikastera. "Hauen bidez sartzen da euskara etxeetan". Lanari dagokionez, elkarrizketatu batzuk bazuten lanaz aldatzeko asmoa, eta euskara ikasteko borondatea ere erakutsi zuten; kasu horietan euskara instrumentala bihurtzen zela azaldu zuten ikerlariek. Lanarekin lotuta, baita ere, lan baldintza okerrenak dituztenek ere euskarara hurreratu direla ere gaineratu zuten. Zaintzan aritzen diren langileen kasua da, haur edo zahar euskaldun bat zaindu behar izaten dutenean.  

Ikerlariek ondorioztatu zuten migranteek, etorkinek, euskararekiko duten atxikimendua dinamikoa eta aldakorra zela, aurrez aipaturiko faktoreen eraginpean dagoenean, bai euskarara hurbiltzeko, baina baita euskaratik aldentzeko ere.