Eskualdean zenbatutako zazpi kasuetatik bi Zumaian detektatu ditu Osakidetzak

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 25a, 13:49

Zazpi positibo detektatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Urola Kostan, horietatik bi Zumaian. Tasa zertxobait igo bada ere, 200eko langatik behera jarraitzen du herrian.

Urola Kostan apaltzen ari da kasu positiboen kopurua. Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, atzo zazpi positibo zenbatu zituzten eskualdeko herrietan egindako PCR eta antigeno probetan. Herenegun baino sei gutxiago dira, eta azken datu horrekin baieztatu daiteke intzidentzia tasaren beheranzko joera ia herri guztietan. 

Zazpi kasu horietatik bi Zumaian detektatu ditu Osasun Sailak. Atzokoekin, sei dira herrian izandako kasu positiboak. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa zertxobait igo da herenegungoarekin alderatuta –172,99koa zen atzo; 183,17koa gaur–, baina hala ere eremu horian jarraitzen du herriak. 

Azkoitian positibo bat zenbatu zuten atzo; bi herenegun. Intzidentzia tasak pixka bat gora egin duen arren, kopururik apalena herri horretan dute: 66,76koa da tasa, eta eremu berdean jarraitzen du. Eremu horian jarraitzen dute, bestalde, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. Orion eta Zarautzen positibo bana zenbatu zuten atzo, eta 179,39ko eta 175,61eko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. Azpeitian ez zuten kasu positibo bat bera ere zenbatu, eta beraz, behera egin du nabarmen tasak; 170,83koa da gaur. Gainontzeko bi positiboak Getarian eta Zestoan atzeman zituzten, bana herri bakoitzean. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk izan.

Positibotasuna %4tik behera

Hego Euskal Herriko datuak ere jakinarazi dituzte Osasun Sailak eta Osasunbideak. Guztira, 11.916 proba egin zituzten herenegun, eta horietatik 468k eman zuten positibo. Emaitza positiboen ehunekoa, beraz, % 3,9koa da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, 233. Gipuzkoan 103 izan ziren atzemandako positiboak, Araban 65 eta Nafarroan 63. 

Erietxeetan ere hobera egin du egoerak, eta jaisten ari da presioa. Osakidetzan gaitza larriagotuta ospitaleratutakoak guztira 332 dira; horietatik 57 ospitaleratu zituzten herenegun. Zaintza Intentsiboen Unitatean daude 129, atzo baino hiru gutxiago.